SIRIA

'Al Ikhbariya' telebista eraso eta zazpi lagun hil dituzte, gutxienez

Damascon du egoitza telebistak. Hedabideko hiru langile eta segurtasunaz arduratzen ziren lau pertsona dira hildakoak. Omran al Zubi Informazio ministroak "Europako Batasunari, arabiarrei eta nazioarteko erakundeei" egotzi die erasoaren ardura. Atzo Sirian "benetako gerra egoera" bizi dutela esan zuen Baxar al Assadek. 

2012ko ekainaren 27a
13:04
Entzun

Siriako Sana berri agentziak jakinarazi duenez, gutxienez, zazpi lagun hil ditu talde armatu batek herrialdeko Al Ikhbariya telebistaren aurka egindako erasoan.

Damasco hiriburutik kilometro gutxitara du egoitza hedabideak. Hiru langile eta segurtasunaz arduratzen ziren lau pertsona dira hildakoak eta bederatzi pertsona zaurituta daude. 

Goizaldean armak zituzten hainbat lagun egoitzara sartu dira eta lehergailuak ezarri dituzte hainbat lekutan. Egoitza erabat hondatuta gelditu da. Omran al Zubi Informazio ministroaren esanetan, "prentsa eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso bortitzena da hau". Zubik "Europako Batasunari, arabiarrei eta nazioarteko erakundeei" egotzi die erasoaren ardura. 

Siriako Armada Askeak erasoa Guardia Errepublikarreko desertoreek egin dutela esan du. 

Al Ikhbariya enpresa pribatua da eta Baxar al Assaden erregimena babestu du haren aurkako protestak hasi zirenetik. Atzo Sirian "benetako gerra egoera" bizi dutela esan zuen Al Assadek. Bestalde, Turkia oso haserre dago joan den ostiralean Siriak Ankarako armadako gerra hegazkin bat botatzeagatik

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.