Ustez Al Kaedarekin lotutako Abu Hafs al-Masri Brigadak eta erresistentzia kurduaren bi ekintzaile taldek Istanbulen bi hildako eta 11 zauritu eragin dituzten atentatuak salatu dituzte. Mesopotamia agentziaren arabera, Kurdistan Askatzeko Belatzen Elkarteak, eta TV 8k dioenez, Kurdistango Langileen Alderdiak (PKK-Kongra Gel) izan dira erasotzaileak.
Atentatuak atzo goizaldean gertatu ziren, Istanbulgo bi hoteletan eta erregai biltoki batean lau leherkarik eztanda egitean. Turkiako gune turistikoen kontra aurten egin dituzten lehenengo erasoak izan dira.Goizeko ordu biak inguru zirenean hasi zen guztia: Aleli auzoko Pars hotelean dei anonimo bat jaso zuten geletako batean leherkari bat zegoela esanez. Hamar minutu geroago leherkariak eztanda egin zuen. Une horretan, hoteleko sei solairuetan 37 bezero zeuden, gehienak Irangoak. Izan ere, Istanbuleko Aleli auzoa ezaguna da Europa Ekialdeko eta Irango turista franko doalako oihalak merke erostera, ondoren saltzeko. Eztandak bi hildako eragin zituen. Anatolia agentzia turkiarraren arabera, hildakoak 31 urteko Haydar Baydar, «Turkia ekialdeko Van eskualdekoa», eta Mahdi Pooliki irandarra dira, baina iturri ofizialek ez dute hildakoen inguruko daturik berretsi.Ia une berean, handik hiru kilometrora dagoen Sultanhamet auzoan beste leherkari batek egin zuen eztanda Star Holiday hotelean. Sultanhamet auzoa Istanbulgo alde turistikoenetakoa da, urtero dozenaka mila turista erakartzen dituena. Hirugarren eztanda bat entzun zen ordubete geroago, Esenyurt auzoan dagoen erregaibiltoki batean. Bi leherkari zeuden ezarrita gas likidoa gordetzen duten biltegian, ordu erdiko tartez lehertu zirenak, kalte materialak sortuz, baina bertan zeuden lau langileei zauririk eragin gabe.Hildakoez gain, leherketek 11 zauritu eragin zituzten. Erietxeko iturrien arabera, zaurituak hiru herbeheeretar, bi txinatar, turkmenistandar bat eta ukrainar bat dira. Beste lau zaurituak Espainiako pasaportedun turistak direla adierazi zuen Espainiako Atzerri ministroak.Abdulkadir Aksu Turkiako Barne ministroak atentatuak gaitzetsi zituen. Bere esanetan, egileak «traidoreak dira, ekintza honekin suntsitu nahi dutenak bakea, estabilitatea, konfiantza giroa eta Istanbulen irudia, Turkiako perla dena». Ministroak adierazi zuen, oraindik inork egiletza aldarrikatu ez zuenean, Polizia ikertzen ari zela egilea nor zen jakiteko. «Talde guztiak hartzen ari gara kontuan», esan zuen Aksuk, gaineratuz posible zela Kurdistango Langileen Alderdia (PKK-Kongra Gel) erasoen atzetik egotea. Izan ere, talde honi azken aldiko hainbat ekintza egotzi diote, esaterako herenegun bi soldadu turkiarren heriotza eragin zuen leherketa. PKK-Kongra Gel Kurdistango erakunde armatu independentistarik indartsuena da. Duela hamabost urte hartu zituen armak Kurdistan turkiarra askatzeko. Talde honen burua bizi guztirako zigorra betetzen ari da, Kenyatik estraditatua izan ostean. Kurdistango Langileen Alderdiko bi kide atxilotu zituen Istanbulen Poliziak igandean, Turkiako Armadako bost soldadu hiltzea leporatuta. Azken urte eta erdian Istanbulek hainbat atentatu jaso du. Gogorrenak pasa den urteko azaroan gertatu ziren, hainbat erasoren ondorioz 50etik gora lagun hiltzean. Erasoak Ekialde Handiko Borrokalari Islamdarren Frentea taldeak eta Abu Hafs al-Masri Brigadek hartu zituzten bere gain. Azken talde hau da, hain zuzen, Istanbulgo azken atentatuen egiletza aldarrikatu duetenetako bat.Erakunde islamiar horrek bere gain hartu zituen Madrilen martxoaren 11n izandako atentatuak, Londresko egunkari arabiar bati bidalitako mezuaren bidez. Abu Hafs al-Masri Brigadek Italia mehatxatu dute esanez, abuztuaren 15a baino lehen bere tropek Irak uzten ez badute erasoak jasoko dituztela. Italiak 2.700 soldadu dauzka Iraken.
TURKIA
Al Kaedak eta kurduek aldarrikatu dituzte Istanbulgo erasoak
Hiriburuko bi hoteletan eta erregai biltegi batean izan diren hiru leherketek bi hildako eta 11 zauritu eragin dituzte gutxienez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu