BELGIKA

Al Kaedako ustezko 18 kide espetxeratzeko agindu dute

Futbolari ohi bati NATOko base baten aurkako eraso saioa egotzi diote

Erredakzioa
2003ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Alemanian futbolari profesional izandako 33 urteko tunisiar bat, Nizar Trabelsi, 10 urterako espetxe zigorrera kondenatu zuen atzo Belgikako Justiziak, NATO Aliantza Atlantikoak baliatzen duen Kleine Brogeleko base militarraren aurka atentatu suizida bat prestatu zuelakoan. Trabelsirekin batera azken lau hilabeteotan epaitu dituzten beste 22 ustezko islamistetatik, 17k 2 eta 6 urteren arteko kartzela gaztiguak jaso dituzte eta beste bostkondenarik gabe utzi dituzte.

Nizar Trabelsi 2001eko irailaren 13an atxilotu zuten, Bruselan, eta Poliziari aitortu zion Ameriketako Estatu Batuetako soldaduak hartzen dituen Kleine Brogeleko base militarrean bere burua lehergaiz josita zartarazteko asmoa zuela. Poliziei esan bide zien Al Kaeda ekintzaile islamista sareko sortzaile eta buruzagi Osama Bin Ladenekin topo egin zuela behin eta berriro Afganistanen egon zelarik. 1980ko hamarkadaren amaieran, Alemaniako futbol txapelketako lehen mailan jardun zuen Trabelsik, Fortuna Dusseldorf klubean.

Lotura Masuden hilketarekin

Akusazio hauentzat Belgikako Justizia arruntak finkatutako zigor gogorrena eman diote Trabelsiri. «Bere burujabetza lortu zuenetik, 1830etik, Belgikak inoiz jasandako krimen gorrotogarriena egiteko asmoa zuen», aditzerat eman zuen Claire Degryse epaile nagusiak, kondenaren berria ematean. Akusazio hitzaldian, berriz, prokuradoreak esan zuen Trabelsi Richard Reid ingelesarekin harremanetan izan zela, American Airlines konpainiako hegazkin bat zapata batean ezkutatutako lehergaiarekin zartarazten saiatu zenislamistarekin.

Trabelsirekin batera epaitu dituztenen artean, gogorrenik beste bi islamista zigortu dituzte: Tarek Maarufi tunisiarra eta Mohamed Sliti aljeriarra. Lehenari 6 urteko espetxe zigorra eman diote eta bigarrenari 5 urteko kartzelaldia. Afganistanerat trebakuntza militarrak egiteko boluntarioak biltzen saiatzea eta agiri faltsuak fabrikatzeko sare bat eratzea leporatzen zieten biei. Hain zuzen ere, sare honek egindako pasaporteak zituzten Sha Masud komandantea 2001eko irailaren 9an hil zuten kazetari faltsuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.