Yemengo segurtasun indarrek Al Kaeda erakunde armatu islamistaren kontrako borroka areagotu dute aste honen hasieratik. Hala, sei gerrillari islamiko atxilotu zituztela esan zuen atzo Sanak, baita herrialdeko hainbat probintziatan armadak oldarraldi handiak daramatzala ere. Yemengo Gobernuan presioak eta laguntza eskaintzak areagotu dituzte egonotan Ameriketako Estatu Batuek eta Mendebaldeko beste herrialdeek, Al Kaedaren aurka gogor jarduten has dadin.
Yemengo Al Kaedako ekintzaile talde bateko burua dago atzo atxilotutakoen artean: Mohammad Ahmed al Hanak. Hura eta beste bi ekintzaile Raida hiriko erietxe batean atxilotu dituzte.Al Hanak eta haren taldeko beste bi kideak kolpatu egin zituzten Yemengo armadak Arhabeko probintzian astelehenean eginiko erasoaldi batean. Ekitaldi militar hartan bi gerrillari islamista hil zirela eta bi atxilotu zituztela azaldu dute Sanako agintariek. Segurtasun indarretako buru batek iragarri du, halaber, Al Kaedako usteko bi kidek beren buruak entregatu dituztela Marib probintzian, eta beste batek Arhabekoan. Errenditze horiek eskualde haietako leinuen eraginez lortu direla zehaztu du segurtasun arduradunak.
Erasoaldi zabala
Yemengo armadak, bestalde, operazioak daramatza herrialdeko hainbat probintziatan, haietan zabalduak liratekeen Al Kaedako ekintzaileen aurka. Esaterako, Sana hiriburuaren ipar-mendebaldean eta Abian, Juf, Marib eta Shabua probintzietan, ekialdean. «Terroristen bila jarraitzen dugu etenik gabe, eta euren ezkutalekuak suntsitzeko operazioak egunero egiten ditugu», zehaztu du ohar batean Yemengo Barne Ministerioak.
Mendebaldeko estatuek Yemengo Gobernuaren irmotasuna goretsi dute. Segurtasuna bermatua delakoan, Erresuma Batuak Sanako enbaxada berriz ireki zuen atzo. AEBek bezperan egin zuten. Ordezkaritza haiek hilaren 3an itxi zituzten, erasoen beldur.
Al Kaedaren aurkako borroka gogortu dute Yemenen, eraso eta atxilotzeekin
Erakunde islamistako ustezko sei kide atxilotu dituzte segurtasun indarrek, tartean buruzagi bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu