Igandeko hauteskundeetako lehen emaitza ofizialak argitaratu dituzte Iraken. Herrialdeko boto denak zenbatzeko egunak beharko dituzten arren, bi probintziatakoak jakinarazi ditu Hauteskunde Batzordeak. Musulman xiitak nagusi diren hegoaldeko bitan, Najafen eta Babilen, Nuri al Maliki Irakeko lehen ministroaren koalizioak lortu ditu boto gehien. Haatik, eta Hauteskunde Batzordeak hauek baieztatu ez dituen arren, herrialdeko erdialdeko beste probintziatako datuak ere ezagunak dira dagoeneko. Emaitzak bestelakoak izan dira azken bi horietan; Bagdad hiriburutik iparraldera, Dijalan eta Salahuddinen, Irakija irten baita garaile. Ijad Alaui lehen ministro izandakoa da alderdi horretako zerrendaburu; eta hainbat buruzagi sunita ere biltzen ditu. Hori dela eta, sunitak gehiengo diren probintzietan Al Malikiren koalizioari aurrea hartuko diola uste da. Halaber, hegoaldeko emaitzen berri izan eta segidan, hauteskunde iruzurra salatzen ere lehenengoa izan da Ijad Alaui.
Joan den igandeko bozak Irakeko hemezortzi probintzietan egin zituzten, eta botoa emateko eskubidea zutenen %62k hartu zuten parte. Handia izan zen parte-hartzea, beraz, Al Kaedak bozkalekuetara hurbiltzen zirenak mehatxatu bazituen ere -ekintzaile islamistek hogei bat bonba leherrarazi zituzten hauteskunde egunean, eta, ondorioz, 38 zibil hil eta 89 bat zauritu ziren-. 2005eko bozetan ez bezala, oraingoan parte-hartzerik izan dute sunitek.
Eta aurreikuspenek diote Zuzenbide Estatuak lortuko dituela boto gehien, gobernua eratzeko adinako sostengurik izango duenik ez dirudien arren. Al Malikik aliantzak sortu beharko ditu, negoziazioak errazak izango ez diren arren. Eta alde horretatik, Ijad Alauiren edota kurduen botoak erabakigarriak izango direlakoan daude adituak. Kirkukeko estatusa dela medio, Al Malikiren eta kurduen arteko harremanak ez daude bere onenetan.
Aurreikusi bezala
Gobernu berria eratu artekoak luze joko dutela gauza jakina da. Argitara eman dituzten behin-behineko emaitzek ere hori baieztatzen dute; bi probintziatan Zuzenbide Estatuak aurrea hartu badu ere, beste bitan, ekintzaile islamisten gotorleku nagusi izandakoetan, Irakija irten baita garaile.
Irakeko Hauteskunde Batzordeak emandako datuen arabera, Najafen eta Babilen 124.734 boto eskuratu ditu Zuzenbide Estatua koalizioak. Horren atzetik, Aliantza Nazional Irakiarrak 103.583 boto. Ez da ezusteko handirik izan, eta hirugarren gelditu dena izan da koalizio sunita: Irakijak 40.916 boto eraman ditu
Najaf eta Babilekoekin botoen %30 zenbatu dituzte. Dena dela, ez da alderdi bakoitzari dagokion portzentajerik oraindik, haiek herrialde guztira estrapolatu behar baitira, eta, horretarako, zenbaketak beste hainbeste probintziatan ere egin beharko baitituzte. Najaf eta Babel probintziei, bestalde, Irakeko Parlamentuak dituen 325 eserlekuetatik 28 dagozkie.
Soldaduen erretiratzea
Irakeko gerra hasi eta gutxira garaipena aldarrikatu bazuten ere, Ameriketako Estatu Batuentzat luzeegi jo du Irakeko gerrak.Igandeko hauteskundeak, hala, urte horiek denak alferrekoak ez direla izan erakusteko baliatu nahi zituen Washingtonek. Hauteskundeez horrek egindako balorazioa aurreikusteko modukoa izan da zentzu horretan: ongi atera zen guztia, bozak «arrakastatsuak» izan ziren. Eta horrek bere horretan mantendu ditu Barack Obama AEBetako presidentearen asmoak. Soldaduen erretiratzea aurreikusitako epeen barruan egingo da. Abuztu amaierarako Iraken dauden soldaduen erdialderako dituzte; 2011. urtea amaitu aurretik, berriz, erretiratzea amaitu beharko dute.
Hala, bai Ray Odierno AEBetako soldaduek Iraken duten buruzagi militarrak bai Christopher Hill Bagdaden dagoen enbaxadore estatubatuarrak adierazi dute segurtasun baldintzetan aldaketa nabarmena gertatu beharko duela data horiek aldatzeko. Ezustekoak, dena dela, badira oraindik. Atzo jakinarazi zutenez, izan ere, soldadu estatubatuarrek Irakeko kazetari bat hil zuten herenegun.
Al Malikik Irakeko bi probintziatan irabazi du, eta sunitek beste bitan
Lehen ministroari garaipena ematen dioten emaitzak baieztatu dituzte ofizialki
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu