«Amerikar maiteok, hamarkada luze batez gerraren laino ilunaren azpian ibili gara. Baina hemen, Afganistango egunsentia baino lehenagoko iluntasunean, egun berri baten argia ikus dezakegu zerumugan». Barack Obama AEBetako presidentea Afganistanen izan da Osama bin Laden Al-Qaedako buruzagiaren hilketaren urteurrenean, estatubatuarrei gero eta ospe txarragoa duen gerra amaitzear dela esateko. Izan ere, begiak datozen azaroko presidentetzarako bozetan jarrita, gerra hastean ezarri zuten helburua, Al-Qaeda garaitzea, «lortzear» daudela esan die presidenteak herritarrei.
Sinbolismoz betetako eguna aukeratu du Obamak kasik urtebeteren ondoren berriz ere Afganistango lurrak zapaltzeko.Al-Qaedako buruaren hilketa presidentetzarako kanpainako leloetako bat bilakatu du, eta gogorarazi du urtebete lehenago lur horretan bertan Bin Laden hil zuten operazioa egin zutela haren aginduz. Bestetik, Afganistango «amesgaiztoaz» nazkatuta dauden herritarren bihotzera jo du, Irailaren 11ko atentatuak gerra hasteko arrazoia izan zirela esanez. «Al-Qaedak hemendik agindu zituenkasik 3.000 gizonezko, emakumezko eta haur errugabe hiltzeko atentatuak. Gure xedea Al-Qaeda suntsitzea da», adierazi du, helburua lortzear direla nabarmendu aurretik. Inkestek diotenez, estatubatuar gehienak Afganistango gatazkarekin «nekatuta» daude, eta Obamak gerraren amaieraren iragarpenaazkartu nahi izan du horregatik.
Gerra amaitzear dela esan, eta jakinarazi du Kabulekin «harreman iraunkorra» eraiki nahi duela. Obamak esan du «gerra amaitu eta kapitulu berri bat hasten den etorkizuna» begiztatzen duela, Hamid Karzai Afganistango presidentearekin NATOren tropak erretiratu eta gero ere harremana mantentzeko akordioa sinatu ondoren.
Itunari buruz, orain arte egindako agintzak errepikatu ditu: uda amaieran 23.000 soldadu aterako dituela Afganistandik, 2014 amaiera bitartean tropak gutxituz joango direla, eta ordurako afganiarrak segurtasunaren ardura hartuko dutela. Aurretik iragarri bezala, Obamak esan du AEBek 2024ra arte Polizia eta armada finantzatzen jarraituko dutela, baina oraingoan ere ez du zehaztu zenbateko laguntza emango dion Kabuli. Hain justu, gerraren kostua izan da herritar asko Afganistanen tropak izatearen aurka jarri dituena. 2010etik 84.000 milioi eta 91.000 milioi euro artean gastatu dituzte urteko Afganistanen.
Akatsetatik ikasiz
Obamak ez du sobietarrak egin zuten akatsa bera egin nahi, eta horregatik luzatu nahi du akordioa 2024ra. Izan ere, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko tropek 1989an utzi zuten herrialdea, eta haiek sostengatutako presidenteak, Mohammad Najibullahek, hiru urte baino ez zituen iraun boterean, laguntza eta dirua emateari utzi zioten arte, hain zuzen ere. NATOren tropak erretiratu eta gero herrialdean presentzia mantenduz, talibanak boterera ez itzultzea da AEBetako presidentearen helburua. Soldaduak berehala erretiratzea eskatzen duten herritarrei esan die ez duela gerra behar baino gehiago luzatuko. «Ez ditut amerikarrak bide mingarrietan nazioaren segurtasunerako beharrezkoa den baino egun bakar bat gehiago mantenduko. Baina Afganistanen hasi genuen lana amaitu behar dugu, eta gerra haumodu arduratsuan bukatu».
Bestetik, talibanei Al-Qaedagandik urruntzeko eskatu die, eta negoziaziorako proposamena egin die, berriz ere. «Bakearen bidea» jarraituz gero adiskidetzea posible dela esan du.
Udaberriko loraldia
Talibanek, baina, erasoekin erantzun diote AEBetako presidentearen bisitari. Atzo atentatua egin zuten Kabulen eta zazpi lagun hil eta hamazazpi zauritu zituzten, gutxienez. NATOko base batetik gertu egin dute erasoa, atzerritarrak egon ohi diren auzo batean.«Obama herrialdera zetorrela jakin dugunean prestatu gara operazio hau egiteko. Haren bisitagatik egin dugu erasoa», jakinarazi du Zabiula Muyahid taliban matxinoen bozeramaileak.
Bestetik, udaberriko erasoaldia hasi dutela iragarri dute formalki. Izan ere, urtero eguraldi onarekin batera eraso gehiago egiten dituzte talibanek. «Erasoaldiaren lehen helburua atzerriko inbaditzaileak izango dira», jakinarazi dute talibanek. Haien eta Kabulgo gobernuko goi kargudunen aurka egingo dutela esan dute; Defentsa, Inteligentzia eta Barne Ministerioekin lotura dutenen kontra, bereziki, baita Bakearen Kontseiluko kideenkontra ere. Zibilei, aldiz, militarren baseetatik eta konboietatik aldentzeko ohartarazi diete.
Obamak talibanen aurkako gerra amaitzear dagoela dio, baina talibanek, aldiz, esan dute indartsu jarraitzen dutela hamar urte eta gero. Nabarmendu dute jihadaren eta borrokaren gogoa «inbaditzaileen krudeltasuna eta basakeria» indartzen diren maila berean handitzen dela .
«Terroristen» aurka, gogor
Errepublikanoek iragarri zuten Obama, agintaldia hasi zuenean,«ahula» izango zela segurtasunaren aurkako borrokan. Obamak baina gogor egin du «terrorismoaren aurkako borrokan», eta erasoak agintzeko orduan zalantzarik egiten ez duela erakutsi du Bakearen Nobel saridunak.
Piloturik gabeko hegazkinekin, drone-ekin, 250 eraso baino gehiago egin ditu Pakistanen 2009tik, eta horietan 1.400 lagun baino gehiago hil dituzte. John Brennan Obamaren kontseilariak aste honetan esan du eraso horiek «legezkoak, etikoak eta beharrezkoak» direla, nahiz eta zibilak ere hiltzen dituztela aitortu. Pakistanek berriki adierazi du AEBek terrorismoa sustatzen dutela, drone-ekin egiten dituen erasoetan talibanak baino zibil gehiago hiltzen dituzte eta.
Al-Qaeda «garaitzear»
Barack Obamak eta Hamid Karzaik itun bat sinatu dute, 2014an Afganistandik tropak erretiratu ostean ere «elkarlanean» aritzekoTalibanek «udaberriko erasoaldia» hasi dute ofizialki; erasoak egin dituzte Kabulen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu