Al-Qaedako Europako ustezko burua aske utzi dute

Erresuma Batuan sei urte eta erdi eman ditu Abu Qatadak espetxean epaiketarik gabe; baldintzapeko askatasuna onartu dioteLondresek Jordaniara bidali nahi du, baina Estrasburgok estradizioa debekatu du

2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Abu Qatada ekintzaile islamista aske utzi dute Erresuma Batuan. Herenegun irten zen Evesham hiriko segurtasun handiko espetxetik, sei urte eta erdiz epaiketarik egin gabe eta bere aurka kargurik aurkeztu gabe preso egon ondoren. Al-Qaeda erakundeko Europako buruzagi espiritualtzat jotzen dute Qatada. Baldintzapeko askatasuna onartu diote epaileek, eta legeak onartzen dituen baldintzarik gogorrenak ezarri dizkiote. Hura aske utzi izanak, dena den, zalaparta piztu du herrialdean.

Londresek Jordaniara bidali nahi du ekintzaile islamista han epaitu dezaten, baina Europako Giza Eskubideen Auzitegiak debekatu egin zion estraditatzea duela hilabete. Jordanian torturatu zezaketela edo haren aurkako frogak torturatutako lekukoen testigantzetan oinarritu ditzaketela esan zuten Estrasburgoko epaileek debekua ezartzeko. David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakia gogor kritikatu zuen, eta «erabat onartezina» zela adierazi zuen. Hain zuzen ere, Estrasburgoko epaiaren ondotik erabaki du John Mitting immigrazio epaileak Qatada aske uztea.

Jordaniarekin negoziatzen hasi da Erresuma Batua, ekintzaile islamista estraditatu ahal izateko akordio bat lortzeko. Torturatuko ez dutela ziurtatzeko bermeak lortu nahi ditu Cameronek, Estrasburgok epaia berriz azter dezan. Ayman Odeh Jordaniako Justizia ministroak adierazia du Qatada itzultzen bada auzi justu bat izango duela eta ez dutela torturatuko.

In absentia epaitu zuten Jordanian 1999an, eta bizi osoko espetxe zigorra ezarri zioten. «Eraso terroristak egiteko azpijokoan aritzea» leporatu zioten orduan. 2000. urtean, berriz, hamabost urteko kartzela zigorra ezarri zioten Qatadari, turisten aurkako atentatu batean parte hartzea egotzita.

24 orduz zaintzapean

Egunean bi orduz soilik atera ahal izango da etxetik Qatada. Bere haurrak eskolara eramatea ere debekatu diote, baita auzotik haratago irtetea ere. Familiakoa ez den norbaitekin hitz egin nahi badu, epaileari baimena eskatu beharko dio, eta 27 lagunekin biltzeko debekua ezarri diote, tartean egungo Al-Qaedako buru Ayman al-Zawahiri dela. Bere mugimenduak egunaren 24 orduetan kontrolatzeko gailu bat jarri diote. Ez dauka baimenik Internet edo telefono mugikorrak erabiltzeko, ezta sermoiak egiteko eta meskitetan sartzeko ere.

Legeak onartzen dituen baldintzarik gogorrenak ezarri dizkiote Qatadari, «nazioaren segurtasunarentzat mehatxua» dela ebatzi baitute epaileek. Irailaren 11ko AEBetako atentatuen osteko ikerketen harira atxilotu zuen Erresuma Batuko Poliziak Qatada, 2002an. Mohamed Attaren Hanburgoko etxean (Alemania) Qatadaren sermoiak aurkitu zituen Poliziak bideoetan grabatuta. Atentatu horien antolatzaileetako bat zen Atta, eta World Trade Centerren eraikina jo zuen. Europako Al-Qaedako buruzagi espirituala dela diote, eta Baltasar Garzon Espainiako epaileak ebatzi zuen Osama bin Laden Al-Qaedako buruzagi ohiaren «ondokoa» zela.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak kontu korronteak izoztu zizkion Al-Qaedako kide izateagatik. Aljerian, AEBetan, Begikan, Espainian, Frantzian, Alemanian, Italian eta Jordanian «terrorismo delituak» egotzi dizkiote. Erresuma Batuan, berriz, «juduen eta sinestunak ez direnen aurka erasoak egiteko gogoa berotzeko sermoiak egitea» ere leporatu diote Qatadari.

Aurrekaria ezartzeko kezka

Londres kezkatuta dago Qatadaren kasuak aurrekaria ezar dezakeelako, eta beste hainbat ekintzaile islamista estraditatzeko arazoak izan ditzakeela uste duelako. Robert Halfon legebiltzarkide kontserbadoreak haserre hitz egin du Estrasburgoko epaiaren ondorioz aske geratu dela jakin ondoren. «Ez al gara herrialde subiranoa? Zer gertatzen da terroristengandik babestuak izan nahi dutenen giza eskubideekin?».

Gaur egun hainbat ekintzaile islamista daude Erresuma Batuko espetxeetan. Londresek AEBetara estraditatu nahi ditu, bertan «terrorismoagatik» epaituak izan daitezen. Qatadaren kasuan bezala, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak oztopoak jar ditzakeela uste du gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.