Yemengo Al-Qaedaren ustezko buru Tareq al-Dahab hil zuen atzo bere anaiak herrialdearen hegoaldeko Al-Baydah probintziako meskita batean. Familia barruko borrokengatik hil du Hizam al-Dahabek anaia, baina haren jarraitzaileek hura ere hil egin dute gero, mendekuz. Hizamek eta bere milizianoek errezatzen ari zela egin zioten eraso anaiari, eta anaiaz gain haren bost bizkartzainak ere hil zituzten. Orotara, bederatzi lagun hil dira erasoetan. AEBetan jaiotako Anwar al-Awlaki elizgizonaren eta Al-Qaedako kidearen koinatua zen Tareq.
Anaiek borroka gogorretan eman dituzte azken bi urteak, aita hil ostean Dahab tribuaren gidaritza nork eskuratuko lehian. Tareqek tribuaren gidaritza galdu zuen, eta hare anaia gazte Mayibek bete zuen aitak utzitako hutsunea.
Urtarrilaren 20an Radda hiriaren aurkako erasoa zuzendu zuen Tareqek. Gobernuak bi aste behar izan zituen Al-Qaedako kideak hiritik kanporatzeko. Tribuko iturriek jakinarazi dute Hizamek erasoaren garaian oraindik presidente zen Ali Abdulah Saleh babesten duela, eta Raddako erasoak are gehiago etsaitu zituela bi anaiak. Isitilu horrek hilketarekin harremana izan dezakeelakoan daude tribuko kideak.
Hilketen ostean, hirugarren anaia batek, Nabil al-Dahabek, Al-Baydah eskualdean Al-Qaedaren ardura hartuko duela jakinarazi dute.
Ezegonkortasuna nagusi
Urtarrilaren 23an, Yemengo Legebiltzarrak immunitatea onartu ondoren, botera utzi zuen Salehek, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetara alde egin zuen. 33 urte egin zituen boterean, eta urtebetez haren kanporatzea eskatu zuen oposizioak kaleetan. Presidentea joan izanak baina ez du egonkortasunik ekarri Yemenera. NBE Nazio Batuen Erakundeak asteartean adierazi zuen segurtasun egoera herrialdean«ahula» dela, eta nazioarteak zailtasunak dituela oinarrizko laguntza behar duten 6.000 laguni baino gehiagori arreta eskaintzeko.
Al-Qaedaren Yemengo ustezko buruetako bat hil dute
Familia barruko borroka batean hil du anaiak, meskita batean, eta gero hura ere hil egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu