"Datorren urteko hauteskundeetan parte hartzeko gonbita egiten diot Muktada Al Sadri", esan du Alaui lehen ministroak Bagdaden, Gobernu batzarraren osteko prentsaurrekoan.
Maiatzetik menian egon ondoren, altxamendua hasi zuten berriro buruzagi xiita horren aldeko miliziekherenegun Najaf hirian, eta beste gune batzuetara ere zabaldu da oldarraldia, besteak beste, Bagdad hiriburuko Al Sadr City auzora.
Hala ere, altxamendu horri aurre egiteko larrialdi egoera indarrean jartzea ez dela beharrezkoa adierazi du Alaui lehen ministroak aipatutako agerraldian.
Gainerako, odolezko deliturik ez duten irakiarrak amnistiatu egingo dituztela iragarri du. Dena den, askatasun neurri horri ezingo diote heldu hilketengatik, bortxaketengatik,"atentatu terroristagatik" zein AEBek gidatzen duten Koalizioko indarren kontrako erasoengatik zigortutakoek.
Nolanahi ere, indakeria giroak puri-purian segitzen du Iraken. Bagdaden, esaterako, lau leherketa izan dira gaur. Aurrenekoa goizeko 07:30ak inguruan jazo da (05:30 Euskal Herrian), eremu berdean , hots, Irakeko Gobernuaren egoitza nagusiaketa AEBetako zein Erresuma Batuko ordezkaritza diplomatikoak dauden inguruan. Atzetik, denbora epe laburrean, beste hiru eztanda izan dira, eremu berean. Nolanahi ere, lehen informazioen arabera, ez dute biktimarik eragin.
Najaf hirian, berriz, giroa ez da guztiz baretzen. Gaur goizean mortero eta tiro hotsak entzuten ziren lekukoek agertu dutenez, nahiz eta borrokak aurreko bi egunetakoak baino zertxobait arinagoak izan. Hain zuzen ere, Irakeko behin-behineko Gobernuaren Najafeko ordezkaritzak 24 orduko epea eman die milizianoei altxamendua bertan behera laga dezaten. Beste zenbait hiritan ere borrokak ari dira gertatzen.
Irakeko behin-behineko Gobernuak ekainaren amaieran agintea hartu zuenetik izan diren borroka handienak dira azken egunotakoak.
Irak
Al Sadr buruzagi xiitari hauteskundeetan parte hartzeko gonbita egin dio Alaui lehen ministroak
Egunotako oldarraldi xiitari nola aurre egin aztertzeko batzarra egin ondoren, Muktada Al Sadr milizianoen buruzagiari datorren urteko hauteskundeetan parte hartzeko gonbita egin dio Iad Alaui Irakeko lehen ministroak. Hain zuzen ere, behin-behineko Gobernuak baztertu egin du larrialdi egoera indarrean jartzeko aukera. Halaber, amnista mugatua iragarri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu