Batasun politikoa eta erresistentzia baketsua. Batasun politikoa, irakiarren artekoa, Irakeko Gobernuaren inguruan. Erresistentzia, Ameriketako Estatu Batuen (AEB) okupazioaren aurka, bitarteko guztiak erabiliz, baina bitarteko baketsuak, betiere. Muktada al Sadr buruzagi erlijioso xiitaren mezu berriak zerikusi gutxi du duela urte batzuetakoarekin, orduan jarraitzaileak Irakeko Gobernuaren eta AEBetako armadaren kontra borroka egitera deitzen baitzituen.
Al Sadr-ek atzo egin zuen Irakera itzuli osteko jendaurreko lehen hitzaldia, Najaf hiri santuan. Hitzaldi jendetsua izan zen, eta jarraitzaileek oihuekin erantzun zituzten buruzagiaren arrapostu eskaera guztiak. «Zer gertatzen da? Beldurra al diozue amerikarrei», galdetu zien. «Ez, amerikarrei ez», erantzun zion jende oldeak, Irakeko banderak eta Al Sadr-en irudiak eskuetan.
Muktada al Sadr-ek nabarmen leundu ditu bere mezua eta jarrera. Irakeko Gobernuarekiko batez ere, bera ere gobernuko kide baita: 325 legebiltzarkideetatik 39 lortu zituen iazko martxoko hauteskundeetan, eta sei ministro ditu abenduaren 21ean osatu zen gobernuan.
Irakiar guztien batasuna eskatu zuen atzo, horrek Nuri al Malikiren gobernuari lagunduko diolako. Al Malikirena, Al Sadr-en ordezkariak ere gobernuko kide diren arren, gobernua ez baitu bere sentitzen.
Gobernua babestuko dutela berretsi zuen, lehenbailehen herritarrei zerbitzuak eskaintzen has dadin. Ea benetan irakiarrei mesede egingo dien ikusi behar dela esan zuen Al Sadr-ek. Eta gobernuak ez baditu herritarren premiak asetzen? «Izango dira gobernua aldatzeko bide politikoak, baina bide politikoak bakarrik». Al Sadr-en babesa funtsezkoa izan baita gobernua osatzeko.
Ez da ahaztu behar duela urte gutxira arte Irakeko armada —Al Maliki lehen ministro zela— eta Al Sadr-en Mahdi armada elkarren kontra borroka egiten aritu direla.
AEBak eta Israel etsai
AEBen kontrako jarrera ez du aldatu. Harentzat AEBak dira etsai nagusia, eta AEBentzat ere etsai izaten jarraitzen du. AEBetako armada herrialdetik bidaltzeko eskatu zion atzo Irakeko Gobernuari: «Okupazio nahikoa izan dugu, esklabutza nahikoa. Okupatzaileek alde egin behar dute. Agindutakoa bete behar dute». AEBetako armada Irak uzten hasi da jada, eta urte amaierarako alde egingo du herrialdetik.
Berez, AEBei aurre egiteko eskatu zien herritarrei, baina bide baketsuak erabiliz, «bide baketsuak ere erresistentzia baitira». Zehaztu zuen aurre egiteak ez duela esan nahi «mundu guztiak» armak eraman behar dituenik, «armak militarrentzat bakarrik dira».
AEBak ez dira haren etsai bakarrak. Arerio ditu baita Israel eta Erresuma Batua ere. Iraken une zailetan, «mundu osoak negar egin duenean», negar egin ez duten herrialdeak, Al Sadr-en arabera.
Buruzagi xiitak aro berri bat abiatu nahi duela dirudi, atzo esandakoen arabera. Herritarrek ere hala egitea nahi du. «Borroka eta gatazka nahikoa eduki dituzue», esan zien. «Irakiarrak bakean bizitzeko ordua da, irakiarrek segurtasuna eta egonkortasuna izateko ordua da». Irakiarren arteko ezinikusiak gainditzeko eta ahazteko ordua dela ere uste du.
Al Sadr pertsonaia garrantzitsua da Iraken egonkortasun politikoa lortzeko. Oso ezaguna da, eta xiita pobreenen babesa du, Najafen eta Bagdadeko Sadr Hiria auzo erraldoian batez ere, herritarrei oinarrizko laguntza eman baitie.
Botere militar handia izan zuen. Mahdi armada sortu zuen 2003an, Iraken inbasioaren ostean, Irakeko Gobernuari eta AEBetako soldaduei aurre egiteko. 60.000 laguneko talde indartsua zen. 2007an su-etena iragarri zuen, eta urtebete geroago bertan behera utzi zituen armadaren ekintza guztiak.
Erlijio ikasketak Iranen
Iraketik Iranera ihes egin zuen 2006 amaieran, erlijio ikasketak sakontzera. Baita apaiz xiita baten hilketa akusaziotik etaAEBen jazarpenetik ihes egiteko ere. Lau urte egin ditu han, eta asteazkenean itzuli zen Irakera, Najaf jaioterrira.
Buruzagi gaztea da Al Sadr, 37 urtekoa. Mahomaren ondorengoa da, eta horregatik janzten du turban beltza. Haren aita Mohammed Sadek Sadr zen, xiiten sinboloa. Sadam Husseinen soldaduek hil zuten, 1999an. Harekin zihoazen bi semeak ere hil zituzten. Muktada al Sadr laugarren semea da. Aitaginarreba Mohammed Baker zuen, filosofo eta pentsalari xiita. Husseinek exekutatu zuen, 1980an.
Al Sadr-ek aukera bat emango dio Malikiri
Irakiarrek bat egiteko eta AEBetako armadak alde egiteko eskatu du Al Sadr-ek, Irakera itzuli osteko lehen hitzaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu