Enfrentamenduek eta borrokek indarrean segitzen dute Iraken: gaur goizean borrokak izan dira Irakeko hiri nagusietan. Gaur goizean Bagdadekoak ziren istilu larrienak —gutxienez 39 irakiar eta zortzi soldadu estatubatuar hil dira azken bi egunetan—, baina, azken berrien arabera, Fallujakoa da orain egoerarik gaitzena.
Izan ere, AEBetako tropek setiatuta daukate Bagdad mendebaldera dagoen hiri hori. Reuters agentziak galdetuta hango bizilagunek agertu dutenez, leherketak eta tiroketak entzuten dira nonahi, eta soldadu estatubatuarrak helikopteroetatik hari dira miliziano xiitak tirokatzen.
Nasirian, berriz,Muktada Al-Sadr buruzagi xiitaren aldekoen eta Italiako Armadako soldaduen artean liskar handiak gertatzen ari dira. Enfrentamendu horietan, gutxienez 15 irakiar hil dira eta 12 soldaldu arin zauritu dira.
Bagdaden istilu larrienak Madinat Al-Sadar auzoan izaten ari dira. Xiitak gehiengoak dira auzo horretan; hiriko txiroenetakoa. Auzo handia da oso; milioi bat lagun bizi dira, eta Al Sadr erlijioso xiitak jarraitzaile asko ditu. AEBtako soldaduek auzoa inguratuta dute uneotan.
Kufa hiria ere setiatu dute AEBetako tropek, ustez Al-Sadr han zegoelako gotortuta. Nolanahi ere, buruzagi xiita horren bozeramaile batek jakinarazi du Al-Sadrek Kufatik alde egin duela eta Najafen dagoela.
Funtsean, inbasioaz geroztiko borroka latzenak izaten ari dira egunotakoak, eta hori ikusita, Irakera tropa gehiago bidaltzea aztertzen ari da AEBetako Gobernua.
Nolanahi ere, George Bush presidentearen gobernu errepublikanoa gero eta larriagoa dabil Iraken okupazioa kudeatzen. Hain zuzen ere, AEBetako iritzi publikoan gero eta nabarmenagoa da esku-hartze militar horren kontrako jarrera. Azken inkesten arabera, nabarmen jaitsi da Iraken okupazioaren alde dauden estatubatuarren kopurua.
Oposizioa demokrata ere gero eta jarrera garbiagoa agertzen ari da Irakeko esku-hartzearen aurka. Esaterako, Edward Kennedy senadore demokrata ezagunak esan du Iraken okupazioa Bushen Vietnam bilakatu dela.
Iraken okupazioa
Al-Sadren aldeko xiitek bi korear bahitu dituzte Nasirian; Italiako tropak hiritik joan ezean ez dituztela askatuko adierazi dute
Al-Sadren aldeko xiitek Gobernuz Kanpoko Erakunde batean lanean ziharduten bi korear bahitu dituzte Nasirian; Italiako tropak hiritik joan arte ez dituztela askatuko adierazi dute. Bestalde, egunotako xiiten oldarraldia bertan behera uzteko hiru baldintza jarri dizkie Muktada Al-Sadr buruzagiak okupazio indarrei: batetik, irakiar zibilen kontrako erasoak eten ditzatela; bestetik, jendea bizi den eremuetatik erretira daitezela, eta, hirugarrena, preso dauzkaten irakiar guztiak aska ditzatela. Hala ere, jaramonik egin gabe xiiten altxamenduaren kontra indarka segitzen dute okupazio indarrek, AEBetako tropak buru direla. Falujan setio egoera ezarri dute, eta hango bizilagunen arabera, borrokak izugarriak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu