Al Shabaab milizia islamista behin eta berriz oztopoak jartzen ari zaio nazioartetik iristen den laguntzari. Oraingoan, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria, Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsa, OME Osasunerako Munduko Erakundea eta errefuxiatuentzat Danimarkako eta Norvegiako kontseiluak izan dira kaltetuak, eta Somalian aritzea debekatuta izango dute: «Somalian aritzeko baimenamodu iraunkorrean baliogabetzea» erabaki du miliziak, ekintzaileek ohar batean jakinarazi dutenez.
Herritarrak xariaren kontra etengabe jartzen saiatzea leporatzen die erakunde horrek nazioarteko taldeei, eta, modu berean, «zigorren sistema islamiarra suntsitzen saiatzen diren» ekintzaileen taldeak matxinatzen laguntzea. Erabaki hori hartzearekin batera, bai Unicefeko eta bai UNHCRko ordezkariek esan dute Baidoako eta hegoaldera dauden beste hainbat gunetako egoitzetan sartu eta harrapatu duten guztia txikitu dutela. Gertaera eta erabaki horien ondorioz, errefuxiatuen guneetan bereziki arazo larriak izango dituztela nabarmendu dute.
Errefuxiatuen guneetara
Baidoatik, besteak beste, Kenyaren eta Somaliaren arteko mugara doan laguntza kudeatzen dute. Gatazkatik eta lehortetik ihesean etxea utzi duten milioi eta erdi lekualdatuetatik asko daude han. Somaliako gerra hasi zenean, 1991n, UNHCRk hiru eremu sortu zituen han, eta, Somaliako egoerak okerrera egin duenez, urtea amaitzerako milioi erdi bat lagun izango dira esparruan. NBEk gosetea eremu izendatu ditu herrialdeko bost eskualde, eta Al Shabaab milizia islamistak —eskualde ugari ditu kontrolpean— betoa jarri die nazioarteko erakundeei.
Gobernurik gabeko Somalian Al Shabaab miliziak estatu islamikoa sortzea du helburu xaria legea ezarrita, eta azkenaldian atentatu mordoa egin ditu Somalian. Eritreatik eta Yemendik jasotzen ditu armak, eta gero eta indar militar handiagoa du.
Al Shabaab miliziak UNHCR, OME eta Unicefi Somalian aritzea debekatu die
Somaliarrak xariaren kontra jartzen saiatzea leporatzen diete ekintzaile islamistek nazioarteko erakundeei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu