Gaueko barealdiaren ostean, tiroketak eta leherketak izaten ari dira. Euskal Herrian 05:15 inguruan hasi dira leherketak eta tiroketak, eta oraindik ez dira amaitu; kea ateratzen ikusi dute lekukoek merkatal zentrotik, eta Kenyako armadak zentroa inguratuta dauka. Egoera kontrolpean duela jakinarazi du, baina oraindik barruan daude hamar bat erasotzaile eta bahituak. "Bahitu gehienak" atera dituztela ziurtatu du armadak.
Ole Lenku Barne ministroak "operazioa amaitzen ari" dela ziurtatu du, eta hainbat bahitu ateratzea lortu dutela ere esan du, zehaztu gabe zenbatek jarraitzen duten barruan.
Bart gauean, Kenyako armada eta Israelgo polizia ugari saltokira sartu ziren, eta, armadaren arabera, Al-Shababen erasoa deuseztatu zuten. Bahitu gehienak askatu zituzten, baina falta direnak askatzen saiatzen badira bahituta jarraitzen dutenak hiltzearekin mehatxatu dute erasotzaileek. Egunak aurrera egin ahala emango du Kenyako armadak operazioaren xehetasun gehiago, baina, oraingoz, ingurutik jendea ateratzen ari dira, segurtasuna ziurtatzearren. Zaurituak dauden lekuan medikuek soilik dute han egoteko baimena.
Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, 69 hildako eta 63 desagertuez gain, 175 lagun daude zaurituta. Taldeak Twitter sare sozialean ohartarazi duenez, "hiltzeko prest" daude erasotzaileak.
Kenyako armadak Somalian egiten dituen operazioen erantzuna da erasoa, Al-Shababek esan duenez.