Tahrir plazara begira egon da mundua azken asteotan, baina plaza isildu egin da dagoeneko, eta orain munduko beste kale eta plaza batzuetan dago jarrita nazioartearen arreta, piztutako iraultzek beste erregimenen bat amaituko ote duten bertatik bertara jarraitzen. Kairo Tahrir baino ez zela ematen zuen plaza isildu den arte, baina epizentro horretatik at ere protestak izan dira auzoetan; iraultza, hala ere, indar ezberdinez bizi izan dute han eta hemen, eta bada hiriburuan bertan izanda iraultzaz gehiegi ohartu ez denik ere.
Sultam Hassan mezkitaren parean dago izenik esan nahi ez duen emakumea. Niloko deltan duen baratzeko barazkiak eramaten ditu saltzera Kairora. Ehun kilometro joan, eta ehun etorri. Egunero. Azken asteetan izan ezik. «Errepideak itxita zeuden, eta ezin izan naiz etorri; aurreztuta neukan diru apurra gastatu dut, eta bi seme eta sei alaba ditut, guztiak ikasten, batzuk unibertsitatean». Ilarrak garbitzen ari da, eta ez du diktaduraz mintzatu nahi. Al Hamda Lila. Alak norberarentzat gordeta daukana onartu egiten dela adierazteko arabiarrek maiz erabiltzen duten esamoldea da hori.
Islam Hatm 15 urteko gaztea berehala gerturatu da. Hosni Mubarakez hitz egin nahi duela dio: «Ez da presidente txarra izan, azken hamar urteotan inguruan izan dituenak izan dira erantzuleak, ez baitiote errealitatearen benetako ikuspegia eman; hala ere, 30 urte hauetan gerrarik izan ez izana pozgarria da». Umeak eskolarik gabe jarraitzen dute, eta aitaren fruta postuan ari da laguntzen Hatm.
Mahar Belin kalean aurrerago dauka saltoki txikia Moktada Alik (48). Frutak eta barazkiak saltzen ditu denda txikian. Protestak zirela eta, bi egunez itxi behar izan du negozioa, eta horrek kalte ekonomikoak eragin badizkio ere, pozik dago ekarriko duten aldaketarekin: «Alak horrela nahi badu aurreneko aldiz bozkatuko dut nire bizitzan, bizimoduak hobera egingo du, eta eskubide gehiago izango ditugu». Tahrir plazara protestak amaitu ondoren gerturatu dela dio. Auzoan ere izan dituzte protestak, eta, dioenez, jende gutxiago ibili da kaleetan ezarritako etxeratze agindua zela eta: «Arratsaldeko seietarako ez zebilen inor hemen».
Poliziak zaldi eta gamelutan ibiltzen dira pasieran hirian. Ziudadelara gerturatu ahala jende gehiago ikus daiteke ibileran. Turista bakar bat ere ez. Zacaria Ahmedek (75) josteko makinak saldu, konpondu eta erosten ditu: «Estatuko telebistan agertu izan naiz tramankulu hauetaz hitz egiten». Alaren izena atera du horrek. Iraultza bedeinkatuta egon dela dio, eta gazteen ausardiaz mintzo da kalera lehenago atera behar izan zutela zehaztuta. Tea hartzen gelditu da.
Iraultza erdigunetik at
Fathi el Shebaik (34) ez du negozioa egun bakar batez ere itxi. Normal aritu da lanean, handik kilometro bakar batzuetara herritarrak kolpeka ari baziren ere. Albisteak, baina, adi ikusi ditu telebistan. «Gazteei babes morala eman diet nik. Mubarakek alde egin zuela esan zutenean, oihuka hasi ginen inguruko dendariak: «Ala Akbar, Ala Akbar (Ala jainkoa da, Ala handia da)». Tahrir plazara emaztea eta alabekin argazkia ateratzera baino ez da joan.
Kairoko zentrotik urrun dauden auzoetan ez da bereziki sumatu erdigunean gertatu dena. Normal aritu dira lanean asko, nahiz eta autoen pilaketak ohi baino ugariagoak izan diren eta horrek ohi baino arazo gehiago eragin dituen. Salbuespen egoera zela-eta, goizago itxi dituzte dendak, eta iluntzean herri patruilak eratu dituzte segurtasuna bermatze aldera. Hainbat auzotan kartzeletatik ihes egin zuten presoek lapurretak egin zituzten, eta negozio ugari arpilatu zituzten, horiek erabat kiskalita utzita.
Hurbileko historia
Mohamed Taufik (79) ia diktadorearen adin bera duela dio. Egiptoko presidente onena zein izan den argi dauka: «Naserrek ekarri zuen garapena herri honetara; kapitalismoa baztertu eta herritarren alde egin zuen kolonialismoari mugak jarriz».
Faruk erregearen kontrako estatu kolpea zuzendu zuen Gamal Abdel Nasserrek. «Gu ere matxinatu ginen 1952an, baina hutsegite bat egin genuen; militarren eskuetan utzi genuen agintea». Mubarak, hala ere, heroi bat dela dio. Iom Kipurreko gerraz mintzatu da; «Sinaiko penintsula berreskuratu genuen 1973an». Khaled Eid (48) laguna dauka alboan Taufik. Xehetasun bat egin du: «Gerran izan zen heroi, baina ez hortik aurrera». Hauteskunde demokratiko batzuetan parte hartzea zen nire ametsa, eta uste dut beteko dudala: «Amro Musa izango da presidente, eta Ahmed Zeuail Nobel sariduna lehen ministro». Farmazia bat dauka, eta bi neska ditu lanean. Pilulak bananduta saltzen dituzte, kutxa osoa saldu beharrean. Liburu sakratuak ditu apalean, eta mahai baten gainean telebista. Lehen, Al Jazzeeran ikusten zituzten albisteak, eta orain, telebista nazionalean.
Bazarrak, bien bitartean, hutsik jarraitzen du. Nagib Mahfuz Literaturako Nobel saridunak tea hartzen zuen taberna beteta egon ohi da beti, eta orain apenas sartzen den inor el Fishauira. Uali el Neam tabernako jabea ere kexu da. «Hogei egun daramatzagu turistarik gabe, eta kolpe latza izan da. Duela hilabete bat leporaino beteta neukan taberna, eta orain... Tristea da aulki guztiak hutsik ikustea». Mohamed el Abijadek (52) lehen egun eta gau osoan zuen zabalik taberna, orain zabaldu zergatik egiten duen ere ez dakiela dio.
Eguerdiko hiruretarako ixten ari dira denda asko, eta beranduenez, zazpietarako. Mahmud Adelek (21) eskarabajoak, piramideak, faraoiak eta papiroak saltzen ditu dendatxoan. «Egun osoa eserita ematen dut dendaren aurrealdean nor etorriko zain, baina inor ez dator». Urtean zortzi milioi turista joaten dira herrialdera, eta horien zain daude orain egiptoarrak. Adelek martxorako etortzen hastea espero du; «Inshalak (Jainkoak) hala nahi badu».
Protestak herrialde arabiarretan
Alaren borondatea
Tahrir plazatik kanpo mundu bat dago Kairon; auzo batzuetan ez dira iraultzaz gehiegi ohartu, eta herritarrek eguneroko bizimoduari eutsi diote nola edo hala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu