Alberto Fujimoriren aurkako ustelkeria zigor bat berretsi du Auzitegi Gorenak
Peruko Auzitegi Gorenak berretsi egin du Alberto Fujimori presidente ohiari ustelkeriagatik jarritako zigor bat, haren laguntzaile Vladimiro Montesinosi diru publikotik legez kanpo 10,5 milioi euro ordaintzeagatik. Lehenbiziko ebazpena 2009an eman zuen auzitegiak, baina Fujimoriren defentsak epaia baliogabetzat jotzeko eskatu zuen. Hori onartu ez duenez, zazpi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra berretsi dio Auzitegi Gorenak. Aurrez bertze bi espetxe zigor ere berretsi zizkion: larriena 25 urtekoa, haren agintaldian gertatutako bi hilketaren eta bi bahiketaren erantzule izateagatik, eta bertzea sei urtekoa, bertze ustelkeria delitu bategatik. Fujimori 1990-2000 artean izan zen Peruko presidente. Bere agintaldiko errepresioagatik eta ustelkeriagatik epaitu dute, eta 2007tik preso dute, Limako polizia etxe batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu