Eezer ez da berdin Khartumen iazko uztailaren 9az geroztik. Hego Sudanek independentzia aldarrikatu zuenetik, Omar al-Baxir Sudango presidenteari ugaritu egin zaizkio botereari eusteko zailtasunak. 1989tik dago boterean Al-Baxir, Sadiq al-Mahdiren gobernuaren kontrako estatu kolpea eman zuenetik, eta 2008an genozidioa, gizateriaren kontrako krimenak eta gerra krimenak leporatu zizkion Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak, Darfurren egindako hilketengatik. Hagak atxilotzeko agindua eman zuen 2009an, baina oraindik aske dago.
Baina nazioartearen presioak baino ataka larriagoan jar dezake Al-Baxir Jubaren independentziak. 1983. urteaz geroztik, gerra zibila izan da Sudanen, eta 1980ko hamarkadan joan ziren iparraldera milaka hegosudandar, gerratik ihesi. 2005eko urtarrilaren 9an, bake akordio bat sinatu zuten, eta, horren bitartez, Hego Sudanek autonomia eskuratu zuen. Iaz, autodeterminazio galdeketa egin, eta independentzia aldarrikatu zuen hegoaldeak 2011ko uztailaren 9an. Baina bi estatuek gai garrantzitsuak dituzte oraindik konpontzeko: petrolioaren esportazioen irabazien banaketa, mugak zehaztea eta Abyei eskualdearen kontrolaz jabetzeko borroka.
Funtsean, petrolioa da borrokaren arrazoi nagusia. Izan ere, oraindik guztiz zehaztu gabeko mugan daude petrolio erreserba nagusiak: Abyein eta Hegligen, Hego Kordofan eskualdean biak. eremu hori kontrolatu nahi dute bai Khartumek bai Jubak, eta azken astean borroka gogorrak izan dira bertan. Joan den asteazkenean, hain zuzen, mugan su-etena hitzartzeko Adis Abeban egiten ari ziren negoziazioak eten zituzten borrokengatik.
Azken hilabeteetan asko gaiztotu da harremana bien artean, Hego Sudanek petrolio ekoizpena etetea erabaki duelako eta Khartumi bere petrolioaz jabetzea leporatu diolako. Gainera, Txinak ere, zeina orain arte Sudango Gobernuaren aliatu garrantzitsu eta inbertsore nagusi izan den, jarrera aldatu du: Jubarekin harremana estutzen hasi da, hark duelako orain erregai erreserben zatirik handiena. Khartumek Itsaso Gorrian duen Port Sudango portua erabili izan dute orain arte petrolioa esportatzeko, baina aurrerantzean erreserbaren garraioa ere ez du kontrolatuko iparraldeak; Jubak jada Kenyarekin eta Etiopiarekin itunak sinatu ditu oliobide berriak eraikitzeko, Sudandik pasatu barik.
Oposizioaren batasun deia
Egoera berria kolpe latza da Al-Baxirren gobernuarentzat, Abyeiko eta Hegligeko petrolio erreserbak galduz gero diru iturri nagusia galduko lukeelako. Sudanen desertua da nagusi, Nilo ibaiaren bidean izan ezik; Hego Sudanen, berriz, baso tropikalak eta lakuak dauzkate. Khartumen dagoeneko nabari da petrolioaren kontrolaren galera, eta prezio guztiek gora egin dute nabarmen, eta horrek eragina izan du herritarren egunerokoan.
Sudanen estutasun ekonomikoak botere aldaketa bultza dezakeela uste du oposizioak, eta ugaritu egin dira erregimena aldatzeko batasun keinuak alderdien artean. Mohamed Ibrain Nugur SPC Sudango Alderdi Komunistako buruaren hileta izan zen horren adibide: herritar eta ordezkari politiko ugari bildu ziren maiatzaren bukaeran Khartumen 83 urteko politikari horri agur esateko. PCP oposizioko alderdiak ere batasunerako deia egin du, Al-Baxirren aroa amai dadin. Bestalde, Darfurko, Hego Kordofango eta Nilo Urdineko talde armatuak presidentea erorarazteko armatzen ari direla ohartarazi du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen goi mandatariak.
Aldaketarako aukera Sudanen?
Omar Al-Baxirren gobernuarentzat kolpe latza litzateke mugako petrolio erreserbak galtzea, eta oposizioko alderdiek, unea aprobetxatuz, botere aldaketa bultzatzeko, batasunera deitu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu