Aldarriak Madril zeharkatu du

Kataluniaren autodeterminazio eskubidea babestu, eta subiranisten aurkako epaiketa salatu dute milaka lagunek Madrilen. «Eskuin muturraren konplize» ez izateko eskatu diote Sanchezi.

Manifestazioak jendetza bildu zuen Madrilgo Prado pasealekuan: antolatzaileen esanetan, 120.000 lagun; Poliziaren arabera, 18.000. J. J. GUILLEN / EFE.
Iosu Alberdi.
Madril
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Kataluniako buruzagi politiko eta sozial independentisten aurkako epaiketa Espainiako Auzitegi Gorenean martxan den bitartean, kataluniarrek indar erakustaldi bat egin nahi izan zuten atzo Madrilen, estatuko erakunde politiko eta judizial nagusien etxean. Espainiako hiriburuko Atocha kaletik hasi eta Cibeles plazarainoko bidea egin zuten han bildu zirenek: 120.000 lagun, antolatzaileen esanetan, eta 18.000 Espainiako Poliziaren datuen arabera. Kataluniarrek, ordea, ez zuten bidea bakarrik egin; estatuko hainbat tokitatik iritsitako milaka lagun ere izan ziren Autodeterminazioa ez da delitua. Demokrazia erabakitzea da zioen pankartaren atzean.

Omnium Culturaleko presidente Jordi Cuixart eta ANCko presidente ohi Jordi Sanchez espetxeratu zituzten egunetik urtebete eta bost hilabete pasatu direla, Kataluniako puntu anitzetatik 400 autobus inguru iritsi ziren Espainiako hiriburura. Gainera, abiadura handiko trenaren erabiltzaile kopurua ere %25 hazi zen atzo, bi lurraldeen artean. Izan ere, Bartzelonatik autobusez iritsi ziren Eulalia eta Rosa Mariaren esanetan, kataluniarrak «behar den lekura» mugitzen dira: «Borroka luze doa, baina ez dugu amore emango».

18:00ak iritsi baino ordubete lehenago jada betetzen hasia zen Atocha ingurua. Errepidearen albo batean esteladak eta begizta horiak edonon ikus zitezkeen, baita presoen argazkiak eta Askatasuna zioten pankartak ere, jendetzaren gainetik. Justizia hau fartsa bat da eta kataluniarrek gauzak egiten dituzte oihuak behin eta berriz entzun ziren arratsalde osoan zehar. Azken horiek Espainiako presidente ohi Mariano Rajoyren hitzak gogora ekarriz.

Errepidearen beste aldean, berriz, kolore sorta handiagoa ikus zitekeen, estatuko herri ezberdinetatik iritsitako kideen artean. Denetariko banderak zeuden han: Andaluziakoak, ikurrinak, Nafarroako banderak, Gaztelako bandera komuneroak, Kanaria uharteetakoak... Horiek, manifestazioarekin bat egiteko abiatu bezain laster, kataluniarren txalo zaparrada entzun zuten, elkartasuna adierazi izana eskertzeko. Euren presentzia behin eta berriz eskertu zuten Cibelesen kokatutako agertokira igo ziren ordezkari guztiek ere. ANCk Biltzar Nazional Katalaneko presindente Elisenda Paluziek mobilizazioa babesteagatik «arriskua hartu duten guztiei» zinez eskertu zien: «Independentzia babestu ez arren, gure erabakitzeko eskubidea defendatzen duzue». Horrez gain, autodeterminazio eskubidearen defentsa ere egin zuen Paluziek: «Ez da inoren aurkako mugimendua; denentzat aukera bat da. Berdinen arteko harremanak izateko, senide diren herrien artean».

Asturiasko Darreu ezkerreko gazte subiranisten antolakundeko kide Llaviuren esanetan, ezinbestekoa da euren taldea ere halako mobilizazio batean egotea, bi arrazoi nagusirengatik: internazionalismoa eta «78ko erregimenari» aurre egitea. «Modu ezberdinetan, baina erregimen beraren errepresioa jasaten dugu guk ere», azpimarratu zuen gazteak. Arrazoi horiengatik, Salamancatik autobus bat hartu zuen atzo goizean, han ikasten baitu, eta antolakundeko gainontzeko kideekin batu zen Madrilen. Antzeko arrazoiak eman ditu Antoniok ere, SAT Andaluziako Langileen Sindikatuko kideak. Haiek bi autobusetan egin zuten Sevillatik Madrilerako bidea, «preso politikoen borroka» defendatzeko: «Herri askeen independentziaren alde egiteko gaude hemen».

Agerian geratu zen herrien arteko elkartasuna Antxon Ramirez de Alda agertoki gainera igo zenean ere; «ez zaudete bakarrik» oihu artean egin zuen. Espetxean dauden Altsasuko gazteetako baten aita da Ramirez de Alda, eta adierazi zuen justiziaren eta demokraziaren artean dagoen «lotura estuagatik» hartu zutela parte atzoko manifestazioan: «Justiziarekin eta demokraziarekin oso lotuta dago. Horregatik gaude gaur Madrilen». Horrez gain, hiru kontzeptu azpimarratu zituen ezinbesteko gisa: «Askatasuna, justizia eta elkartasuna».

Eta apiriletik aurrera zer...

Omniumeko presidenteorde Marcel Maurik Espainiako presidente Pedro Sanchezi mezu bat bidali nahi izan zion taula ganetik, «eskuin muturraren konplize» izateari uzteko eskatuz: «Madrildik eskatzen dugu aldarri hau entzuteko: Kataluniaren autodeterminazioa defendatzea Espainiako demokrazia defendatzea da». Hitz horiek mobilizazio osoan entzun zen oihu bat izan zuten erantzun gisa: Ez dira pasatuko. Izan ere, Maurik gogor kritikatu zuen VOX herri akusazio gisa egotea Kataluniako buruzagi politikoen aurkako epaiketan. Era berean, herenegun Zeelanda Berrian gertatutako atentatu faxistaren biktimei elkartasuna adierazteko minutu bateko isilunea egin zuten.

Dena den, Eulalia eta Rosa Maria ezkor ageri ziren, apirileko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan eskuinak gehiengoa lortzeko duen aukerarekin: «Gobernu oso bat dugu atzerrian edo espetxean. Epaiketa ere fartsa bat da. Ez dakigu datorren hilabetetik aurrera ere zer gertatu daitekeen».

Hala eta guztiz ere, Katalunian ereserki den abesti batekin amaitu zen mobilizazioa, L´estaca-rekin. «Usteltzen hasita dago-ta, laister eroriko da», dio abesti hark.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.