Espero zutena baino alde txikiagoarekin -bi puntu eskas-, baina Konstituzioa aldatzearen aurkakoek irabazi dute Venezuelan. «Demokraziaren garaipena» izan dela aldarrikatu dute oposizioko buruzagiek. Hugo Chavez presidenteak, aldiz, sozialismoranzko bidean atzerapauso txikitzat jo du ezetzaren garaipena, eta ez atsekabetzeko eskatu die jarraitzaileei. «Oraingoz ezin izan dugu. Baina ez dut koma bakar bat ere aldatuko, proposamena bizirik da oraindik». Izan ere, buruzagi sozialistaren agintaldiko xede garrantzitsuenetariko bat da erreforma.
Chavezek proposatutako 69 aldaketen artean daude, besteak beste, herritarrei politikagintzan parte hartzeko bidea erraztea, eta presidentearen agintaldien gaineko muga kentzea. Azken hori izan da, hain zuzen ere, kritika gehien eragin dituena. Buruzagi sozialistaren aurkarien iritziz, horrek Chavezen «totalitarismoa» jarraitzeko bestetarako ez zuen balioko. «Baliabide guztiak eta diru guztia izanda ere, tiranoak ezin izan du», adierazi du Jorge Quiroga oposizioko buruak.
Chavezek berak, ordea, oso bestela ikusten ditu gauzak. Hark onartu du porrota, baina ohartarazi ere egin dio oposizioari lanean jarraituko dutela, eta aholkatu dio garaipena ondo kudeatzeko, aldea izugarri txikia izan delako. «Lanean jarraituko dugu; ahalegin handiagoa egingo dugu ahalik eta gizarteratze zabalena lortzeko, eta berdintasuna sistemaren oinarri izan dadin. Aurkituko dugu bidea».
TENTSIO HANDIA. Tentsio eta zalantza handiekin bizi zituzten Venezuelan emaitzak jakin aurreko orduak. Izan ere, hauteslekuetan eginiko inkestek garaipen zabala ematen zioten baiezkoari. Horiek hala, itxaropentsu zeuden Chavezen jarraitzaileak. Baina azken emaitzak jakinarazi zituztenean, oposizioa izan zen Caracasko kaleez jabetu zena. Buruzagi sozialista agintera iritsi denetik izan duen lehen porrota amaieraren hasieratzat jo du Quirogak, eta venezuelarren garaipentzat Leopoldo Lopez oposizioko kide eta Chacaoko alkateak. «Ziur nago Venezuelako herriaren garaipen honek eragin handia izango duela Hego Amerika osoan».
Azken hilabeteetan Gobernuaren aurkako protestak bultzatu dituzten ikasleak ere pozik agertu dira. «Benetan sinesten dugu Konstituzio honen aurka bozkatu dutenek testuak herrialdearen zati handi bat baztertzen zuelako egin dutela. Chavezen aldekoek ere haren aurka bozkatu dutelako bakarrik izan da posible garaipena», nabarmendu du Francisco Hernandez ikasleen ordezkariak.
Hala ere, oposizioko jarraitzaileen botoan baino kalte gehiago eragin diote Chavezi etxean geratu diren hautesleek. Orotara, %44 ingurukoa izan da abstentzioa. Venezuelako presidentearen beraren esanetan, galdeketa ez dute galdu ezezkoaren aldekoak bozkatzera joan direlako, baiezkoaren aldekoak joan ez direlako baizik. «Abstentzioak garaitu gaitu. Oraingoan ezin izan dugu».
Dena den, agintaldi luzea du Venezuelako presidenteak aurretik. Aldaketarik ezean, 2013an utziko du presidentetza, eta ezin izango du berriz aurkeztu. Baina ordura arte Legebiltzarrean gehiengoa du, eta beraz, hainbat aldaketa egin ditzake legedian.
ERA GUZTIETAKO IRITZIAK, NAZIOARTEAN. Garbi geratu da asteburuan nortzuk diren Chavezen aldekoak eta nortzuk kontrakoak, batzuek «tiraniaren amaiera» ikusi duten toki berean, beste batzuek «jarrera etikoa» nabarmendu dutenean. Venezuelaren aspaldiko aliatua den Kuba izan da, hain zuzen ere, buruzagi sozialistaren jarrera goraipatu duena. «Prozesua eredugarria izan da, herriaren parte-hartzea erabat bermatua izan duena eta gardena», nabarmendu du Kubako kantziler Felipe Perez Rocak. Antzeko adierazpenak egin ditu AEE Amerikako Estatuen Erakundeko presidente Jose Miguel Insulza mexikarrak ere. Haren esanetan, demokrazia «indartuta» atera da asteburuko erreferendumetik.
Oso bestelakoa izan da Caracasen etsai diren AEBen ikuspegia. Washingtonek ere goraipatu du galdeketa, baina ez istilurik izan ez delako, ezezkoak irabazi duelako baizik. «Ezetzak irabazi izana seinale ona da askatasunarentzat», adierazi du Etxe Zuriko eledun Dana Perinok. Hark ere onartu du ezetzak alde txikia atera duela, baina nabarmendu du oposizioak ez duela izan telebista publikoaren laguntza. Aipatu ez duena da komunikabide pribatu gehienak direla haien aldekoak. Europako Batzordeak, bestalde, galdeketan agertutako «elkarrekiko errespetua eta gizalegea» goraipatu ditu. Erreferenduma era baketsuan egin izana eta emaitzak alde guztiek onartzea pozgarritzat jo du Bruselak.
«Ziur nago Venezuelako herriaren garaipen honekeragin handia izango duela Hego Amerika osoan»
leopoldo lopez
oposizioko kide eta chacaoko alkatea
«Oraingoz ezin izan dugu. Baina ez dut koma bakar bat ere aldatuko, proposamena hor dago oraindik»
hugo chavez
venezuelako presidentea
Alde txikiarekin, baina ezezkoak irabazi du Venezuelako galdeketa
Konstituzioa aldatzea lortu ez arren sozialismoranzko bidean aurrera jarraituko duela iragarri du Chavezek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu