Aldea handitzen saiatuko dira Obama eta Clinton Indiana eta Ipar Carolinan

Ipar Carolinan faborito Barack Obama bada ere, Indianan berdinketa iragartzen dute inkestek

ERREDAKZIOA
2008ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Azken urteetako luzeenak izaten ari dira AEBetako Alderdi Demokrataren primarioak. Urtarrileanadituek ziurtzat jotzen zuten New Yorkeko senatari Hillary Clintonen garaipena, baina lehen bozen ostean, argi geratu zen Barack Obama arerio gogorra izango zela. Eta hala izan da. Gaur egingo dituzten Indiana eta Ipar Carolinako primarioak azkenurrenak izango dira, eta jada, nahiko argi dago demokraten hautagaia abuztuko kongresuan erabakiko dutela, eta ez bozetan. Hala ere, azkeneraino jarraitu behar dute lehian bi hautagaiek, aldeak handitu nahi badituzte. Izan ere, hautagaitza zuzenean lortzeko beharrezko 2.024 ordezkariak lortuko ez dituztela ikusita, superordezkarien sostengua lortu behar dute; eta, horretarako, presidentetza lortzeko gai direla erakutsi behar dute, alegia, herritarren sostengua dutela frogatu behar dute.

Obamari kalte handia eragin diote Jeremiah Wright apaizaren adierazpenek. Wright hautagaiaren babesle nagusietako bat izan da duela gutxi arte. Haren agerraldiek, ordea, kritika ugari eragin dituzte. Besteak beste, komunitate beltza suntsitzeko hiesa zabaldu izana egotzi dio AEBetako Gobernuari. Horiek hala, Obamak adierazpen horiek gaitzetsi eta uko egin dio haren babesari. Kaltea, ordea, egina dago. Duela aste batzuk,Ipar Carolinan, Illinoisko senatariak hamabost puntuko aldea ateratzen bazuen; orain zazpi puntura gerturatu da Clinton. Indianan, berriz, egoera okerragoa da Obamarentzat. Inkesta gehienek berdinketa iragartzen dute, eta gutxi batzuek New Yorkeko senatariari ematen diote garaipena, nahiz eta oso alde txikiarekin izan.



EKONOMIAREN INDARRA. Kanpaina hasieran atzerri politika zen demokraten hitzaldietako izarra. Izan ere, bost urte betetzear ziren AEBek Iraki eraso ziotela, eta ia egunero hil edo zauritzen zen soldadu estatubatuarren bat. Orain, ordea, ekonomia krisiak kendu dio protagonismoa, azken hilabeteetako beheraldia dela eta. Horretaz gain, kontuan hartu behar da Indiana eta Ipar Carolinan erdi mailako langile zuriek erabakiko dutela irabazlea. Horregatik, zerga murrizketaz eta krisiaz hitz egin dute bi hautagaiek batez ere. Clintonek uda honetan erregaiaren gaineko zergak kentzea proposatu du, argudiatuz kontsumitzaileentzat onuragarria izango dela. Aldiz, Obamaren iritziz, horrek ez du krisia konponduko, soilik «behin-behineko konponbidea» da.

Gaur jokoan dauden 187 ordezkarietatik gehienak berenganatzeko asmoz, azken unera arte kanpaina egiten jarraitu dute bi hautagaiek. Clintonek politikagintzan duen esperientzia nabarmendu du beste behin: «Egunaren amaieran, ez duzue nahi hitz egiten dakien presidentea, arazoak konponduko dituena baizik».

Obama ere bi estatuetako langile zurien botoa bereganatu nahian ibili da azken egunotan. Lehian aurretik doan arren, soilik ehun ordezkariko aldea ateratzen dio Clintoni; eta superordezkariei dagokienez New Yorkeko senataria doa aurretik. Ondorioz, ez da harritzekoa Illinoisko senataria urduri egotea. «Ahal dugun gogorren ari gara lanean, eta ematen didazuen boto bakoitzaren beharra dut, bai Ipar Carolinan eta baita Indianan ere. Zuekin elkarlanean arituko naiz. Baina zuen laguntza behar dut». Ikusi beharko da, beraz, nola erantzuten duten gaur bi estatuetako hautesleek.



«Ez duzue nahi hitz egiten dakien presidentea,arazoak konponduko dituena baizik»

hillary clinton
new yorkeko senatari demokrata




«Ahal dugun gogorrenari gara lanean,eta ematen didazuen boto bakoitzaren beharra dut»

barack obama
illinoisko senatari demokrata
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.