Protestak herrialde arabiarretan

Alderdi gehiagoren sorrera baimentzen duen legea onartu du Siriako Gobernuak

Aurreko astean hauteskundeetan alderdi gehiagoren parte hartzearen alde mintzatu zen Bashar al Assad.

2011ko uztailaren 25a
10:41
Entzun

Baaz gobernuaren alderdiaz gain, alderdi gehiago sortu ahal izateko legea onartu zuen atzo Siriako Gobernuak. Sana albiste agentziak jakinarazi duenez, lehen ministroaren erreformen artean beste bat da lege berria, eta "boterearen kontrolari alternatibak eskaintzea" du helburu, beste batzuen artean.

Alderdi berriek hainbat baldintza bete beharko dituzte, esate baterako, demokrazia, giza eskubideak eta herrialdearen batasuna errespetatzea eta defenditzea. Gainera, ezingo dute indarkeria babestu eta sustatu, ezingo dute nazioarteko erakundeetako kide izan eta ezingo dute erlijio, tribu eta etnia zehatz batekin identifikatu.

1963tik, alderdi bakarra

1963. urteaz geroztik Baaz alderdiak soilik hartzen du parte hauteskundeetan, eta aurreko astean Bashar al Assad presidentea prest agertu zen alderdi gehiagoren parte hartzea baimentzeko. Horretarako Konstituzioa aldatu beharko du, horrek 8. artikuluan arautzen baitu Baaz dela hauteskundeetan parte hartu dezakeen alderdi bakarra.

Lau hilabete dira Sirian, beste herrialde arabiar batzuetako eredua jarraituz, agintarien aurkako protestak hasi zirenetik, eta Gobernuak gogor zanpatu ditu. Hainbat erakunderen arabera, 1.300etik gora dira hildakoak (horiei 500 polizia gehitu behar zaizkie), eta nazioarteko zilegitasuna kendu dio Al Assad presidenteari. Erreformekin egoera bideratu nahi du Al Assadek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.