Inuit Ataqatigiit IA (Inuit Komunitatea) alderdi independentista eta ezkerrekoak irabazi ditu Groenlandiako hauteskunde autonomikoak (Danimarkaren menpe dago Groenlandia), botoen %43,7 jasota, Hauteskunde Batzordeak jakinarazi duenez. Ondorioz, Siumut (Aurrerantz) alderdi sozialdemokrataren nagusitasuna amaitu du; Groenlandiak 1979an lortu zuen autonomia eta harrezkero Siumut egon izan da boterean.
IAk 2005eko bozetan baino %21,3 gehiago lortu du. Orain, parlamentuko 31 diputatuetatik hamalau bereak izango dira.
Siumut %3,9 jaitsi da (diputatu bat gutxiago); orain %26,5 lortu du eta bederatzi aulki. Bigarren indarra izango da legebiltzarrean.
Kuupik Kleist IAko presidenteak adierazi du ez dutela Siumutekin bat egingo gobernuan, baina ez du argitu zeinekin ariko diren.
Estatutu berria kudeatzea izango da gobernuaren zeregin nagusietakoa. Hain zuzen, iazko azaroaren 26an onartu zuten Estatutua, %75eko babesarekin, eta hilaren 21ean jarriko dute indarrean. Groenlandiaren autodeterminazio eskubidea jasotzen du. 56.000 lagun bizi dira uharte hartan. Halaber, groenlandiera izango da hizkuntza ofiziala, eta Polizia, Justizia, mugako kontrolak, aire garraioa eta espetxeetako politika Nuuken -'Ghodtab' hiriburuaren izena, inuiteraz- eskumenak izango dituzte. Bide beretik, natur baliabideetatik lortutako irabaziak bertan geratuko dira.
Hans Enoksen (Siumut) da gaur egun Groenlandiako burua, eta bere alderdiko buruzagitza uzteko prest agertu da.
Besteak
Azkeneko legealdian Attasut (Komunitate Sentipena) alderdi liberala egon da Siumutekin gobernuan; hiru aulki lortu ditu (sei zeuzkan), %10,3 (%8,1 gutxiago). Laugarren indarra da orain.
Hirgarrena, Demokraatit (Demokratak) alderdi Danimarka zalea, baina nabarmen egin du behera: lau aulki izango ditu orain (zazpi zituen) eta botoen %%12,7 bildu ditu (%22,6 duela lau urte).
Kattusseqatigiit Partiiat alderdiak diputatu bat eskuratu du (bat zeukan).
Sorlaat Partiat izan da ordezkaritzarik lortu ez duen bakarra.
MunDUA
Alderdi independentistak irabazi ditu Groenlandiako hauteskundeak
Botoen %43,7 bildu ditu Inuit Ataqatigiitek, aurreko boz autonomikoetan baino %21,3 gehiago. Siumut alderdi sozialdemokratak nagusitasuna galdu du. Estatutu berria kudeatzea izango da gobernuaren zeregin nagusietakoa -autodeterminazio eskubidea jasotzen du-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu