Mundua

Alderdi independentistak irabazi ditu hauteskundeak Quebecen

%32ko babesa lortu du. Gobernua zuzenduko duen lehen emakumezkoa izango da Pauline Marois. Lagun bat hil da PQ-ko hautagaiak garaipenaren hitzaldia hasi duenean gertatutako erasoan. Bideoa: Marois, erasoa gertatu den unean (0:36 segundoa). [YouTube]http://youtu.be/HCF4kptpLvw[/YouTube]

2012ko irailaren 5a
13:56
Entzun

Pauline Marois PQ alderdi independentistaren hautagaia izan da Quebeceko hauteskundeetako irabazlea. Gobernua zuzenduko duen lehen emakumezkoa izango da hala. Kanpainan zehar "gobernu burujabe" bat osatu nahi duela adierazi du.

PQ-k legebiltzarreko 125 aulkietatik 54 eserleku atera ditu (%31,9ko babesa). 2008ko bozetan %35,1eko babesa lortu zuen, baina orain baino hiru diputatu gutxiago.

Alderdi Liberalak 50 aulki erdietsi ditu (botoen %31,2), aurreko hauteskundeetan baino hamasei legebiltzarkide gutxiago. CAQ alderdi berriak (alderdi abertzale kontserbadorea) 19 eserleku izango ditu (%27) eta Quevec Solidaire alderdiak, 2 (%6).

PQ alderdiaren garaipenak independentziari buruzko hirugarren erreferenduma egitera bultzatu dezake Quebec. Aurreko biak 1980. eta 1995. urteetan izan ziren. Lehehengoa 1976an PQ alderdiak lortu zuen garaipenaren ostean etorri zen, eta independentziaren aukerak botoen %40,5eko babesa jaso zituen.

Bigarren erreferenduma PQ alderdiaren 1995eko garaipenaren ondoren iritsi zen, eta orduan 54.000 botoko aldeak bota zuen independentzia atzera; %90eko parte hartzearekin independentziaren aldeko botoak %49,6 izan ziren.

2006an Kanadak kulturalki eta sozialki nazio izaera aitortu zion Quebeci.

Hildako bat izan da irabazlearen aurkako atentatuan

Montrealgo Poliziak jakinarazi duenez, lagun bat hil da gaur goizaldean Maroisek garaipenaren hitzaldia hasi duenean izandako erasoan. Politikariak "herrialde bat nahi dugu" esan duenean izan da atentatua, eta segurtasun zerbitzuek berehala atera dute Marois oholtzatik; ongi dago. Zenbait iturrien arabera, "angliarrak esnatzen ari dira" oihukatu du erasotzaileak. Honek gutxienez tiro bat egin du eta ondoren sua piztu du eraikinaren atzealdean; atxilotu egin dute.

Poliziak esan du erasotzaileak 50 urte dituela, eta Marois bera zuela jomuga. Ehunka pertsona zeuden PQ-ko buruaren garaipena jarraitzen atentatua izan den lekuan.

Telebista irudiek errifle baten irudiak hartu dituzte, Poliziak lurretik hartzen zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.