Alderdi politikoak negoziatzen hasi dira gobernua osatzeko

CiUk Mas presidentea izateko akordioa nahi du; PSCk ezkerreko koalizioa; ERCk dena «zabalik» dagoela dio

JOSE MARI PASTOR - BARTZELONA
2003ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Garai berria hasi da Kataluniako politikan. CiU Convergencia i Unioren garaipenak, PSC Kataluniako Alderdi Sozialistarenegoera bitxiak berriro Al Gore sindromeak harrapatuta, bozkatuena, baina bigarren eta, batez ere, ERC Esquerra Republicana de Catalunyak izan duen igoera historikoak 12 diputatutatik 23ra pasa da, gori-gori jarri dute Generalitateko gobernu berria osatzeko prozesua. Ahaztu gabe ICV Iniciativa per Catalunya Verdseko diputatuak duela lau urte baino hiru aldiz gehiago direla, eta PP Alderdi Popularrak ere gora egin duela.

Igandeko boto zenbaketak hamarrak aldean agertu zituen azkenean benetako emaitzak izango zirenak: CiUk 46 legebiltzarkide lortuak zituen, 1999an baino hamar gutxiago; PSCk 42 sozialistek ere duela lau urte baino 10 diputatu gutxiagoERCk 23 diputatu (lehen 12), PP 12 eserlekutatik 15era pasa zen, eta ICV hirutik bederatzira.Emaitzei erreparatuta boto aldaketa nabarmena da. CiUren hautesle ez gutxi ERCra pasa dira nazionalismo espainiarraren erasoaren aurrean Pujolek, epelegi jokatu ez ez ezik, Aznarrekin paktatu duelako, azken orduko hausturaren antzezpena gorabehera. PSCk galdu dituen hamar diputatu horietako asko ICVk irabazi dituen sei legebiltzarkideen artean egongo dira, eta beste batzuk PPn. Esquerrak goia jo du, baina haren igoera ez da soilik CiUren kontura izan. Sektore ezkertiar askok, batez ere gazteek, Carod-Roviraren alde egin dute. ERCk el discurs de butxaca egin du poltsikoaren diskurtsoa, Kataluniako herritar guztien integrazio eta kohesioa ongizate sozialaren bidez etorriko dela argudiatuta.ERC Kataluniako arbitro politiko bihurtu da. Carod-Rovirak alde batera utzi ditu CiUren eskemak, eta proposamen propioa egin du. Berea ez da nazionalismo etnikoa, ezta Pujolek aldarrikatutako nazionalismo linguistiko edo kulturala, hitzarmen errepublikanoa baizik. «Ez du ardura nondik zatozten, hemen geratuz gero, denon artean hobeto bizi izateko zer egin behar dugun da kontua», esan die ERCko hautagaiak herritarrei. Globalizazio garairako mezua, baztertzearen ordez integratzea hobesten duena. «ERCk Bartzelona inguruko industria guneak hartu ditu», zioen atzo egunkari batek. Metafora ez zegoen oker. ERCk ia botoen %10 lortu ditu Hospitalet de LLobregaten; ia %9 Cornellan, els altres catalans, 50-60 urteetako etorkinen bigarren eta hirugarren belaunaldiko herritarren bizilekuetan. Orain arte, PSCren gotorlekuak ziren; CiUk berak botoen %15 baino ez du lortu Cornella de Llobregaten.

Estrategiak prestatzen

Atzo bilera eguna izan zuten alderdiek, egoera aztertzeko. Gero hedabideen aurrean azaldu ziren. CiUren aldetik Josep Antoni Duran i Lleida mintzatu zen. Federazioaren alde kon- tserbadoreenaren ordezkariakMasek bezperan esandakoa berretsi zuen. «Borondatea gure herrian gehiengo nazionalista osatzea da». CiUk negoziatzeko asmoa duela esan zuen, «minimoetan oinarrituko ez den estatutua» aurrera ateratzeko. Minorian ere gobernatzeko prest dago federazioa, edozertarako, Mas presidentea izateko.

Sozialistek PSC-ERC-ICV ezkerreko koalizioa egin beharra aipatu zuten berriz. «Gobernu aurrerakoi eta katalanista da herri honentzako onena», esan zuen PSCko lehen idazkari eta sektore espainolistenaren ordezkari Jose Montillak, Carod-Rovirari keinuka. Iniciativak ere horren alde egin zuen Joan Sauraren bidez: «Gaur egun Kataluniarentzako horizonte bakarra ezkerreko gobernua da», esan zuen, eta CiU behingoz oposiziora bidaltzeko eskatu zion ERCri.Josep Lluis Carod-Rovirak oraindik dena «zabalik» dagoela gogorarazi zien bere gorteatzaileei, emaitzek «aukera asko eskaintzen dituztelako». Alderdiak hiru lagunen batzorde negoziatzailea osatu du, zeinean bera ez den egongo. Bihar bertan bilera egingo dute negoziazioen oinarriak finkatzeko. Bitartean, Carod-Rovira desagertu egingo da, «lau eguneko atsedenaldian». Nekez sinesteko oporrak: berak, agian, oporrak hartuko ditu; bere eskuko telefonoak, ordea, ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.