Garaipen gazi-gozoa izan da agintean den Siumut alderdiarentzat. Sozialdemokratek eskuratu dituzte botoen %27,2, baina atzera egin du haien sostenguak, %7 zehazki. Bigarren tokian geratu dira Inuit Ataqatigiit sozialistak, botoen %25,5ekin.
Aldiz, zortzi puntu gehiago eskuratu dituzte eta hirugarren indar bilakatu dira Demokratiit sozial-liberalak, botoen %19,5 bereganatuta. Gora egin dute Partii Naleraq independentistek ere, eta laugarren indarra dira, botoen %13,4 eskuratuta.
Emaitza horiekin ahalbidetuko lukete azken lau urteetan agintean egon den koalizio subiranistari eustea. Hain zuzen ere, 2008an onartu zuten Autonomia Estatutu berria, non autodeterminazio eskubidea jasotzen den. Testuak herritarren %75en babesa jaso zuen. Hura meatzaritza eta arrantzaren bidez lortutako irabazien laguntzarekin bermatzea zen subiranisten asmoa, baina krisiak atzeratu egin zituen helburu horiek.