Angela Merkelen CDU alderdi demokristaua gobernuan bazkide dituen FDP liberalekin Alemaniako gerraondotik izan duen murrizketa planik handiena aztertzen ari da, eta horren arabera, Alemaniak 80.000 milioi euro aurreztuko lituzke 2014 bitartean. Gaur bi alderdien desadostasun nagusiak eztabaidatzen ari dira.
DGB Alemaniako Sindikatuen Konfederazioak dagoeneko esan du murrizketa planaren kontrako mobilizazioak egingo dituztela, gastu sozialean eragiten duelako batez ere. "Haserre" daude sindikatuak, "beti bezala, asmoa argia delako: ahulenei faktura pasatzea aberatsak babesteko" Michael Sommer DGBko presidentearen ustez. Mobilizazioak zehaztuz joango direla aurreratu du. Denbora luzez langabezian dauden herritarrei laguntza gutxitzea da kritika gehien eragiten ari den neurrietako bat.
Gobernuak 2.000 milioi euro aurrezteko asmoa du murrizketa sozialetan, lehen urtean, eta horri gehitu behar zaizkio gastu publikoan aurreztu nahi dituen 3.600 milioiak eta erreforma fiskalaren bidez jaso nahi dituen 3.500 milioiak. Horiek dira zutabe nagusiak, baina ez bakarrak. Horrez gainera, bankuei 2012an tasa bat ezarriko die, etorkizuneko erreskateetarako, eta energia nuklearrari ere zerga bat ezarriko dio diru sarrerak handitzeko.
Gobernuak, besteak beste,funtzionarioen datorren urteko paga berezia izoztu nahi du; 2014ra bitartean langile publikoen 15.000 lanpostu kendu nahi ditu, eta hainbat laguntza sozialetan murrizketak egin. Gizarte laguntzen murrizketen artean senideei seme-alaba bakoitzarengatik ematen zaien kopuruan dago, eta langabezian daudenei laguntza gutxiago ematea ere bai. Alemania da Europako Batasunaren barruan laguntza handienetakoa ematen diena langabetuei. Defentsa aurrekontuan ere beheranzko aldaketak aztertzen ari dira.
Alemaniak 2009a Europako Batasuneko defizit txikienetakoarekin amaitu zuen: %3,3arekin, baina ekonomia hazteko hartutako neurriek %5era igoaraziko dute 2010ean, eta beraz, neurriekin, espero du 2013an %3an jartzea. Europako herri guztiak ari dira egunotan aurkezten krisi egoerari aurre egiteko neurri bereziak.
Gobernuko bi bazkideen desadostasun nagusiak
Igoera fiskalek murrizketa sortaren parte izan behar duen edo ez, hori da demokristauen eta liberalen arteko ezberdintasunetako bat. Liberalen ustez, ez litzateke zerga igoerarik egon behar, eta uste du formularik egokiena kartera guztietan murrizketak egitea dela, batez ere Lan eta Gai Sozialen sailetan.Merkelek ez du baztertzen zergen igoera, baina bere ustez, gastuaren kontroletik etorriko da aurrezkia sarrera fiskaletatik baino gehiago. BEZ balio erantsiaren gaineko zerga dago hartuko diren neurrien artean. Produktu batzuek daukaten BEZ tasaren %7 kendu, eta guztientzat %19ko zerga jartzea da proposamenetako bat.
Azkenean espero da liberalek aurrekontuaren murrizketa onartzea, eta zerga igoera kasu berezietan.
ekonomia
Alemania gerra ondorengo murrizketa planik handiena aztertzen ari da
2014ra arte, 80.000 milioi euro aurrezteko planean lanean ari da Angela Merkelen gobernua. Murrizketak gastu sozialari, langabetuei eta funtzionarioei eragingo die, besteak beste. Alemaniako Sindikatuen Konfederazioak mobilizazioak iragarri ditu neurrien kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu