Greziaren erreskate programa

Alemaniak atzera bota du Greziaren eskaera

Greziak erreskatea sei hilabetez luzatzeko eskaera egin du, baina jarri dituen baldintzak "ez dira onargarriak", Alemaniako Finantza Ministerioaren arabera. Eurotaldea bihar arratsaldean bilduko da Atenasen eskaera aztertzeko.

Greziako Finantza ministro Yanis Varufakis eta Alexis Tsipras lehen ministroa, atzo, Atenasen. YANNIS KOLESIDIS / EFE
2015eko otsailaren 19a
07:35
Entzun

Wolfgang Schaeuble Alemaniako Finantza ministroaren arabera, Greziaren proposamenak ez ditu erreskate programaren baldintzak betetzen, "finantziazioaren luzapena besterik ez da. Ez du astelehenean eurotaldean adosturikoa betetzen " .

Reuters berri agentziak zabaldu du Greziak zorra murriztea eta "oreka fiskala" sei hilabetez betetzeko konpromisoa eskatu duela. Bien bitartean, eurotaldeko gainerako bazkideekin negoziatzen segituko luke.

 Goizean, eurotaldeko buru Jeroen Dijsselbloemek eman du albistea: Greziak sei hilabeteko luzapena eskatu dio Bruselari.

Gerora zehaztasun gehiago eman ditu Greziako Gobernuak berak, nabarmenduz soilik maileguaren luzapena eskatu dutela eta ez erreskatearena: "Gobernuak zintzo jokatu du hartutako konpromisoekin, eta ez du memorandoa luzatzeko eskatu. Herriaren erabakia errespetatzen duen, gizartearen duintasuna defendatzen duen eta, era berean, gure bazkideek onar dezaketen proposamena aurkeztu du".

Trukean, zerga iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako eta giza krisiari aurre egiteko neurriak iragarri ditu Atenasek.

Eurotaldeko batzorde berezia gaur bertan hasiko da Atenasen proposamena aztertzen, eta bihar arratsaldean estatu kideetako ordezkariak batzartuko dira azken erabakia hartzeko.

Greziako Gobernuak atzoko agindu zuen proposamen berria, baina, denbora falta argudiatuta, egun bat atzeratu zuen. Dena den, baliteke Atenasen keinua aski ez izatea. Lehen erreakzio publikoek ez dute baikor izateko arrazoi handirik ematen. Vladis Dombrovskis Europako Batzordeko lehendakariordeak gogorarazi zuen astelehenean Eurotaldeko beste ministroek Gianis Varufakisi esandakoa: balio duena erreskatea luzatzea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.