Alemanian armada profesionala izango dute uztailaren 1etik aurrera, egun horretan geldituko baita bertan behera derrigorrezko soldaduska. Karl Theodor zu Guttenberg Defentsa ministroak berak iragarri du eguna, eta neurria «zuzena eta arduratsua» dela zehaztu. Angela Merkel kantzilerra ondoan zuela eman du erabakiaren berri ministroak, Dresden, Saxonia estatuko hiriburuan. Hor agintariek eta armadako buruek urtero egiten duten bileraren ostean egin zuen iragarpena.
Europako Batasuneko estatuen artean derrigorrezko soldaduska indarrean duten estatu bakanetakoa da Alemania. Armada profesionala ezartzeko asmoak, baina, ez dira oraingoak. CDU Batasun Kristau-Demokrata eta CSU Batasun Sozial Kristaua alderdiek iragan irailaren 26an aurreratu zuten bazela garaia soldaduska bertan behera uzteko. Estatu federatuen errezeloak izan dira, baina, neurria lehenago hartzea eragotzi dutenak; izanere, unibertsitateetako ikasle kopurua gehiegi haztearen beldur ziren. Gobernuak, baina, aspaldian babesten zuen neurria,eta iragan maiatzean bertan onartu zuen derrigorrezko soldaduska sei hilabetekoa baino ez izatea.
Aurrekontu murrizketa
Alemaniako armadan 250.000 soldadu daude egun, eta kopuru hori dezente jaitsiko da profesionalegitean. Hasiera batean aurreikusi zuten 163.500 militar izatea, baina azkenean 180.000 eta 185.000 soldadu artean izango ditu. Merkelek neurri horrek dirua aurrezteko aukera ematen duela jakinarazi du, eta horregatik zehaztu du erabakia «zuzena» izateaz gain «beharrezkoa» ere badela. Armadan, bide batez, aurrekontuek izan dituzten murrizketak eraginda erreforma sakon bat egingo dutela iragarri du kantzilerrak. Armadako kideei erreforma hori begi onez hartzeko eta praktikan ezartzeko eskatu die, aldaketaren ikur bilaka daitezen: «Alemania sendo eta moderno baten funtsezko parte izan zaitezkete».
Alemaniak bertan behera utziko du soldaduska uztailaren 1ean
EBko estatuen artean derrigorrezko soldaduska duten bakanetakoa da gaur egun Alemania
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu