Behe Saxonia eta Hessen estatu federaletan gehiengoa zuen alderdi kontserbadoreak nabarmen behera egin du igandeko bozetan. SPD alderdi sozialdemokratak, berriz, gora egin du, eta hori adierazgarria da oso datorren urteko irailean egingo diren hauteskunde orokorrei begira. CDU Batasun Demokrata Kristauak eta SPD Alderdi Sozialdemokratak gobernu koalizioa osatu zuten azken bozetan-2005. urtean-, baina estatu federaletan elkarren artean lehiatzen dira.
Angela Merkel kantzilerraren alderdiak Hessen estatuan izan du beherakada handiena. 2003. urtean botoen %48,8 lortu zituen alderdi kontserbadoreak eta herenegun, aldiz, %36,8 baino ez. Sozialdemokratak irabaztekotan izan dira Hessenen; SPDk, izan ere, botoen %36,7 eskuratu ditu. Alemaniako bi alderdi nagusiak, beraz, parez pare daude estatu horretan eta eskualde autonomoko biltzarrean ordezkari kopuru bera izango dute: 42.
Roland Koch azken bost urteotan estatu federaleko presidente demokristauak aliantzak lortu beharko ditu karguan jarraitzeko. Andra Ypsilanti sozialdemokratak aukerak ditu ere horretarako, baina honek ere aliantzak egin beharko lituzke. Grunnen alderdi ekologistaren ohiko aliantza, ildo horretan, ez du nahikoa izango. Ezkerra alderdiarekin ez zuela akordiorik hitzartuko adierazi zuen bozen aurretik Ypsilantik. Sozialdemokrata ohiek eta komunistek eratutako indar politiko hori, baina, aurreneko aldiz egongo da ordezkatuta Hesseenen eta Behe Saxonian.
Behe Saxonian, ordea, demokristauek ez dute boterea galtzeko arriskurik; botoen %42,5 bereganatu baitituzte. Orain dela bost urteko bozekin alderatuta, baina, sei puntu galdu ditu CDUk. SPDren onerako izan da, hemen ere, demokristauen jaitsiera -botoen %30,3 lortu ditu-. Ezkerra alderdiak ere pozteko arrazoiak ditu; botoen %7,1 lortu du. Christian Wulff demokristauak, alta, ez du karguan jarraitzeko arazorik izango.
'KOALIZIO HANDIAREN' ETORKIZUNA. Alderdi berekoak izan arren, kanpaina guztiz ezberdinak egin dituzte Kochek eta Wulffek. Lehenak oso mezu oldarkorra zabaldu du Hessenen. Delinkuentzia izan du ardatz kanpainan eta, bere esanetan, atzerriko immigranteak dira horren erantzuleak. Wulffek, aldiz, leunago jokatu du. Angela Merkel kantzilerraren politikarekin bat etorri da, mezuan, Wulff. Kochen kanpaina, baina, gogorrago sostengatu du Merkelek.
Hessenen lortu dituzten emaitzak ikusita demokristatuak kezkatuta egoteko arrazoiak dituzte. Bundestag Legebiltzarrerako bozak datorren urteko irailean egingo dituzte, eta kontserbadoreek eta sozialdemokratek osatzen duten koalizio handia-ren etorkizuna kolokan da, eta agerian da herritarren sostengua galdu dutela.CDU demokristauen jarraitzaile andanak alderdi liberalaren alde jo du kantzilerraren politika ekonomikoak «ezker kutsua» duela leporatuta. SPD sozialdemokraten boto-emaileek, berriz, ezkerreko alderdira egin dute argudio berdina erabilita.
Alemaniako Behe Saxonia eta Hesseneko bozetan nabarmen behera egin dute demokristauek
Hessenen demokristauak eta sozialdemokratak parean dira; ezkerrak eta liberalek ere gora egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu