Winnenden (Baden-Wuerttemberg landerra, Alemania) herriko Albertville bigarren hezkuntzako ikastetxean 17 urteko mutil batek "modu indiskriminatuan" tiroak bota eta gutxienez 14 lagun hil eta beste batzuk zauritu ditu gaur goizean, Poliziak esan duenez. Baden-Wuerttembergeko Barne ministroak zehaztu duenez, erasotzailea eskola horretako ikaslea izan zen. Geroago Poliziak gaztea hil egin du, ihesean ordu batzuk ibili ondotik, handik 40 kilometrora dagoen Wendlingen herrian.
Poliziaren arabera, hura bi ikasgelatan sartu da goizean, eta han zortzi lagun hil eta hainbat zauritu ditu. Beste biak eskolatik ihesi zihoala hil ditu. Handik ordu batzuetara zaurituetako hiru hil direla jakinarazi dute iturri ofizialek.
Erasoaren unean gazteak jantzi paramilitar beltza zeraman.
Tiroak egin ondoren ihes egin du. Geroago Alemaniako hedabide batzuek azaldu dutenez, Polizia, haren bila, gaztearen gurasoen etxera sartu da. Han, aitak arma ugariren bilduma daukala jakinarazi dute. Handik denbora gutxira, eguerdia pasata, gaztea aurkitu, eta hil egin dute poliziek, Winnendendik 40 kilometrora dagoen Wendlingen herriko supermerkatu batean izandako tiroketan. Ondorioz beste bi lagun hil dira, eta bi polizia zauritu.
Alemania hego-mendebaldean dago Winnenden, Stuttgart hiritik 20 bat kilometro ipar-ekialdera. 27.600 biztanle ditu.
MunDUA
Alemaniako eskola batean eta geroagoko tiroketa batean 17 lagun hil dira, erasotzailea barne
17 urteko ikasle ohi batek 14 lagun hil ditu Winnenden hiriko Albertville eskolan, eta ondorengo jazarpenean Poliziarekin izandako tiroketan gaztea eta beste bi lagun hil dira. Gainera hainbat zauritu daude, tartean bi polizia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu