MUNDUA

Alemaniako Gobernua osatzeko akordioa egin dute CDU-CSUk eta SPDk

Gau luzea igaro dute Alemaniako bi bloke nagusiek datozen lau urteak koalizioan gobernatzeko hitzarmena orrazten. SPD Alderdi Sozialdemokratako 475.000 militatanteek berrestea izango da azken urratsa, Merkelek abenduan kargua hartu aurretik.

2013ko azaroaren 27a
12:17
Entzun

Irailaren 22an irabazi zituen hauteskundeak CDU-CSU Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren aliantza demokristauak, baina ez zuen gehiengo absolutua eskuratu. Bozak egin eta bi hilabetera dator hitzarmena, Alemaniako bi bloke handiek osatutako koalizioak goberna dezan. SPDko militanteen esku dago orain Merkelekin gobernua osatu edo ez erabakitzea. Abenduaren 14an kontsulta baten bidez hitzarmena berretsiz gero, kantzilerrak hirugarren legealdiari ekingo dio, 2017ra arte. CDU-CSUk zortzi ministro izango lituzke eta sei SPDk.

Bart goizaldean itxi dute ituna CDU-CSUk eta SPDk hamazazpi orduko negoziazioen ostean. Bost astetako azken jarduna izan da bart gauekoa, eta besteak beste, hitzartu dute pentsioak igotzea, 2015etik aurrera gutxieneko soldata orduko 8,5 eurokoa izatea eta naziotasun bikoitza baimentzeko konpromisoa hartzea.

Hitzarmen garrantzitsuak

SPDren lorpenik handiena gutxieneko soldata ezartzea izan da. Alemanian eskualde eta sektorearen arabera, gutxieneko soldatak ezberdinak dira. 2015etik 2017ra jarri dute legea ezartzen joateko epea, eta 2017an herrialde osoan bete beharreko gutxienekoa izango da, 8,5 euro ordukoa.

Pertsioetan 45 urte edo gehiago kotizaztu dutenek 63 urterekin jubilatu ahal izango dute soldata jaitsierarik gabe, —67 urtetan dago jubilazioa—. 

SPDk bidean utzi behar izan ditu aberatsenen soldatak mugatzeko eta haiek zergak igotzeko asmoak. Merkelen CDUren koaliziokide den CSUk ere berea lortu du. SPDk onartu du azkenean Alemaniako autobideetan bidesaria ezartzea matrikula atzerritarra duenari.

Energiaren gaia ere garrantzitsua izango da datorren legealdian. Zentral nuklearrak ixteko konpromisoa hartu zuen Merkelek, eta SPDrekin egin duen hitzarmenean 2030erako energia berriztagarriak %60ra arte igotzeko konpromisoa hartu dute.

Bigarren aldiz gobernatuko du Merkelek SPDren laguntzaz, 2005-2009ko legealdian ere Koalizio Handia deiturikoa osatu baitzuten CDU-CSUk eta SPDk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.