Alemaniako mendebaldeko Gutersloh hiriko egoerak izugarri egin du okerrera, eta, lantegi bateko positiboen kopuruarengatik, eskolak eta haurtzaindegiak itxi dituzte barruti osoan. Hango ordezkari batek eman dituen datuen arabera, 983 test egin dituzte langileen artean, eta 657 lagunek eman dute positibo. Adierazi dute kopuruak gora egin dezakeela oraindik, harakintza enpresa horretan 7.000 pertsona baino gehiagok egiten baitute lan.
Enpresa itxi egin dute gaur, jende gehiago kutsatzea eragozteko, eta gaixotutako langileek eta haiekin harremanen bat izan dutenek berrogeialdian egon beharko dute. Sven-Georg Adenauer barrutiko buruak adierazi du ez dutela konfinamendurik ezarriko, nahiz eta ikastetxe guztiak ixteko agindu duten. Adenauerrek prentsaurrekoa eman duenean, positiboen kopurua 400 inguru zen.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak estatuburuekin bilera bat egin du gaur, eta nabarmendu du barrutiak berehala hartu dituela birusaren agerraldiari aurre egiteko neurriak. «Hau da gure estrategia birusa gehiago heda ez dadin: erantzuteko prest egotea beti, edozein unetan izan baitezakegu kontrolatu gabeko kutsatzeren bat», esan du Merkelek.
NTV telebista kateak kutsatze handi horren atzean egon litezkeen bi arrazoi eman ditu. Jakitera eman duenez, hiltegi horretako langile asko elkarrekin bizi dira leku berean. Gainera, zenbait ikerketa zientifikoren arabera birusa azkarrago hedatzen da leku hotzetan, haien esanetan.
Alemanian gertatu da gisa horretako beste agerraldi bat aurretik. Maiatzaren 8an, Coesfeld herriko lantegi bat itxi zuten 129 positibo atzeman ondotik.