Alemaniako liberalekin elkartuta ere, «oreka sozialari» eutsiko dio Merkelek

FDP eskuinarekin Gobernua osatu arren «alemaniar ororen kantziler» izaten jarraituko duela dio

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2009ko irailaren 29a
00:00
Entzun
FDP liberalekin Gobernua osatzeko lanean hasi da Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, baina aginte berriak hartuko duen eskuinerako joerak kezkatuta daudenei erantzun die esanez «oreka soziala» ez duela baztertuko, eta «alemaniar guztien kantziler» izaten jarraituko duela, lanpostuak sortzeko konpromisoari eutsiz eta behar diren laguntza sozialei helduz. «CDU/CSU zentroa da, eta ni pertsona bera naiz bazkide bat edo bestea eduki». Sindikatuak azkenaldian salatzen ari dira FDPren eta Merkelen artean egingo duten aliantzak laguntza sozialak gutxituko dituela.

2005eko emaitzak baino kaskarragoak lortu ditu Merkelen alderdiak igandeko hauteskundeetan, -botoen %35,2tik %33,8ra jaitsi da-, baina, hala ere, orduan baino eserleku gehiago lortu ditu, eta FDPkoen uste baino igoera handiagoak -%9,8tik %14,6ra- gehiengo lasaia eman dio nahi zuen taldearekin gobernatzeko. Gobernua «lehenbailehen, baina ez presaz» osatu nahi du Merkelek, eta espero du azaroaren hasierarako egotea osatuta. «Berlingo Harresiaren eraisketaren 20 urteko ospakizunean, azaroaren 9an, espero dut Gobernu berriarekin egitea harrera etorriko diren buruzagiei».

Guido Westerwelle FDPko buruzagiak ere lehenbailehen osatu nahi du Gobernua, baina «modu arduratsuan» egin nahi ditu negoziazioak, eta ateratako emaitzekin bat datozen ardurak nahi ditu, «emaitza historikoen neurrikoak». Westerwelle Atzerri ministro eta kantzilerrorde izango da, baina hortik aurrera ez dute ezer aurreratu egingo duten ministerioen banaketari buruz.

SPDren beherakada

CDU/CSU Angela Merkelen taldeak Gobernuan SPDrekin izan duen aliantzak mugitu ditu Alemaniako hautesleak alderdi batera edo bestera, hau da, aliantza bertan behera uzteko nahiak. Hori da, oro har, hauteskundeen ondoren emaitzen aztertzaileek atera duten ondorio nagusia.

Merkel pozik dago irabazi duelako, eta, berak nahi bezala, liberalekin gobernatu ahal izango duelako, baina beherakadak kezkatzen du, 50eko hamarkadatik alderdiak izan duen emaitzarik kaskarrenak izan baita.

Hauteskundeak aztertzeko Alemaniako institutu garrantzitsuenen lehen interpretazioen arabera, liberalen igoera historikoa egoera normalean Merkelen alde izango ziren botoengatik gertatu da. Sozialdemokratekin berriz aliantza egiteko beldurrak eraman ditu PDFra. CDUrekin batasuna egiten duen CSU Bavariako alderdiak ere boto asko galdu ditu, azkenaldian alderdian duten barne krisiak eraginda.

Horrez gainera, Guido Westerwelle liberalen buruak ere izan du meriturik liberalen igoeran, azken legegintzaldian herritar asko erakartzea lortu baitu, institutuon datuon arabera.

Merkelen arrakasta, berriz, ez da berak egindako lanagatik edo kanpainagatik izan, SPD alderdiak egin dituen hutsen ondorioa baizik, sozialdemokraten porrotagatik. Gerhard Schroederren gobernuak egindako lan erreformak direla-eta hasi zen beheraka SPD, eta Merkelekin azken lau urteotan egindako koalizio gobernuak ez dio lagundu boto-emaileak mantentzen.

SPDren boto-emaile askok ez du bere burua Merkelekin egindako koalizioan ordezkaturik ikusi, eta gertuago sentitu da oposizioko Die Linke alderditik (Ezkerra) edo berdeengandik. Horiengana joan dira boto asko eta asko. Beste askorenak -bi milioi- etxean geratu dira, inkeston arabera, %36,2tik %23ra jaitsi baita SPD.

Bozen ondoren alderdi guztiek gogoetarako tartea hartu dute, SPDk batez ere, bere ibilbidea zehztu beharko baitu. Buruzagitza berritu behar duen eztabaidatzen hasi da dagoeneko. Zuzendaritzako kide batzuk «norabide aldaketa» eskatzen ari dira, besteak beste, Klaus Wowereit Berlingo alkate-gobernadorea. Frank Walter Steinmeier Gobernuko ardurak utzi eta Legebiltzarreko taldearen buru izango da, baina ez dute argitu alderdiko burua izaten jarraituko duen. Azaroko kongresuan erabakiko dituzte aldaketak. «Orain gutxiena behar duguna taldea desintegratzea da», Andrea Nahles presidenteordearen ustez.

Txikien arrakasta

Ezkerra eta Berdeak izan dira, liberalekin batera, igandeko irabazleak. Ezkerra %8,7tik %11,9ra igo da, eta Berdeak %8,1etik %10,7ra. Adituak ez datoz bat esaterakoan alderdi txikien gorakada iraunkorra izango den edo ez, baina gehienen ustez oraindik ez dute goia jo, eta alderdi handiak husten joan daitezke horiek euren jarrera definitzen ez badute.

Atzokoa, oro har, emaitzak aztertzeko eguna eta estrategiak diseinatzeko eguna izan zen. Ezkerrak eta Berdeek jada esan dute ez dutela oposizioko koaliziorik egingo SPDrekin. Ezkerrak eskualde hitzarmenak egingo ditu, baina ez Gobernukoak. «SPDk zer politika mota egin behar duen erabaki behar du», azaldu du Oskar Lafontaine Ezkerreko buruak eta SPDko kide ohiak-2005ean utzi zuen alderdia-. Gainera, bozen aurretik SPDk argi eta garbi esan zuen Ezkerrarekin ez zuela negoziatuko.

Berdeek ere ez dute akordio orokorrik egingo. «Berdeok bide autonomoa jarraitu behar dugu, baina, horrez gainera, SPDren egoera ez da egokiena oposizio sendoa egiteko», Cem Oezdemir kidearen ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.