Alemanian 'Koalizio Handiak' gobernatuko du datozen lau urteotan: CDU-CSU bloke kristaudemokratak eta SPD alderdi sozialdemokratak. Herrialdeko bi indar politiko nagusiek ia hiru hilabete igaro dituzte gobernu akordioa negoziatzen, eta oztopo handiena gainditu dute orain: SPDren militantziaren erreferenduma. Alderdi sozialdemokratako 475.000 afiliatuetatik ia %80k eman dute botoa, eta baiezkoak alde handiz irabazi du: %75,96 agertu dira Koalizio Handiaren alde, eta %23,95 aurka.
Angela Merkelek zabalik du, beraz, berriz kantziler izateko bidea. SPDren barne galdeketa zen hiru alderdietako buruzagitzek negoziatutako gobernu programa oztopa zezakeen traba bakarra, sektore ezkertiarrenak errezelo handiz ikusten baitzuen alderdi kontserbadoreekin elkartzea. Bart gauerdian amaitu da botoa emateko epea; gaur goizean zenbatu dituzte paperak, eta arratsaldean jakinarazi dute emaitza: militantziaren zati handienak babestu egin du zuzendaritza. Pozik agertu da Sigmar Gabriel alderdiko burua: "Alderdiko kide izaten daramatzadan 36 urteotan ez dut sekula halako konpromisorik ikusi. Parte hartzearen alderdia gara".
Galdeketaren emaitza jakin aurretik, alderdietako buruek jada erabakita zeukaten ministro postuen banaketa. CDUk bost izango ditu, CSUk hiru eta SPDk sei. Alemaniako prentsak zabaldu duenez, Ekonomia eta Energia, Atzerri ministerioa, Ingurumena, Lana eta Gizartea, Familia eta Justizia dira alderdi sozialdemokrataren esku geldituko diren sailak.
Bihar alderdi bakoitzeko zuzendaritza bere aldetik bilduko da, eta astelehenean gobernu akordioa formalki sinatzea espero da. Horren ostean —asteartean, ziurrenik— kantziler izendatuko dute Angela Merkel, eta asteazkenean hasiko da ofizialki legegintzaldi berria.