Europako hauteskundeak

Alemanian, zentroko alderdiek eusten diote

Angela Merkelen CDU-CSU koalizio demokristauak jaso du boto gehien, baina sozialdemokratek gora egin dute.

Samara Velte.
2014ko maiatzaren 26a
11:22
Entzun

Parte hartzea ohi baino altuagoa izan da Alemanian: %47, duela bost urte baino lau puntu gehiago. Hamar landerretan udal hauteskundeak ere egin dituzte, eta hori izan daiteke arrazoietako bat. Lehenbiziko emaitzen arabera, ez da muturreko aldaketarik antzeman, eta zentroko alderdien blokea izan da nagusi. Die Linke ezkerreko alderdiak duela bost urteko emaitza bertsua lortu du (%6,9).

Eskuinerako biraketa handirik ez. Angela Merkelen aurpegia hauteskunde kanpainako irudi nagusia —eta ia bakarra— izatera ohitu da CDU Alemaniako Batasun Kristaudemokrata. Iazko hauteskunde orokorretan erabateko arrakasta ekarri zion estrategia horrek, baina oraingoan apaldu egin da joera: CDU-CSU koalizio kristaudemokratak 2009ko hauteskundeen antzeko emaitzak jaso ditu, baina iazko hauteskunde orokorretan baino sei puntu gutxiago (%36). Haren koaliziokideek sufritu dute gehien: CDUren Bavariako baliokide den CSUk —eta hura baino eskuindarragoa, kasu gehienetan— zortzi puntu egin du behera 2009tik: botoen %40 ez da zifra ederra, jaun eta jabe izatera ohitua dagoen batentzat. CSUk sekula lortutako emaitza txarrenetakoa da. Batek baino gehiagok koalizioari egotziko dio errua; izan ere, Merkelekin behinola koalizioan gobernatutako FDP liberalek ere inoizko emaitza kaskarrenak lortu dituzte: %3,4 baino ez.

'Koalizio handiak' sozialdemokratei mesede. SPD alderdi sozialdemokrata pozik egon daiteke: CDUrekin koalizio gobernua osatu izanak ez dizkio boto-emaileak galarazi —alderdiko sektore aurrerakoienek errezelo handiz ikusten zuten ezkontza handinahia—; aitzitik, urriko bozetatik bi puntu egin du gora (%27,4), eta sei puntu, 2009ko Europakoetatik. Martin Schulz Europako Batzordeko presidente izateko hautagaia alderdikoa izateak ere egin die mesede.

Berdeentzat, arnasa pixka bat. Iazko bozetan botoen %8,4 baino ez zituzten lortu berdeek; emaitza tristea, %15 inguru jasotzera ohituta dagoen alderdi batentzat. Horrekin alderatuta, %10,5 lasaitzeko arrazoia bada; nahiz eta 2009tik bi puntu jaitsi diren.

Euroeszeptikoak parlamentura. Lehenbiziko aldiz, gutxieneko mugarik gabe egin dituzte hauteskundeak. Orain arte, alderdiek botoen %3 lortu behar zuten Europako Parlamentuan sartzeko, eta %5 Alemaniakoan ordezkariak izateko. AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi euroeszeptikoak oso boto gutxirengatik galdu zuen horretarako aukera joan den urteko hauteskunde orokorretan, %4,7 lortu baitzituen. Oraingoan, are emaitza hobeak lortu ditu: “Grekoek sufritzen dute, alemaniarrek ordaintzen dute eta bankuek kobratzen dute” bezalako leloekin, botoen %7 lortu dituzte. Espazio txiki baina esanguratsua eskuratu du hartara politika nagusiko paisaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.