Alemaniako Gobernuak ezusteko erabakia hartu zuen atzo. Austriatik iristen ari diren errefuxiatuek gainezka egin dutela argudiatuta, orain arteko jarrera aldatu eta kontrolak ezarri ditu herrialde horrekin eta Txekiar Errepublikarekin duen mugan; hala, bertan behera utzi du Europako Batasuneko mugimendu askatasuna. Horren ondotik, Austria izan da gaur Hungariarekin dituen mugetan kontrolak gogortu dituena. Horrekin batera, mugan armada zabaltzea erabaki du.
Hungariak babestu egin du Alemaniaren erabakia; VIktor Orban lehen ministroak esan du "Europako balioak" babesteko beharrezkoa dela. Orbanek, gainera, Europako herrialdeetako armadak Greziara bidaltzea proposatu du, errefuxiatuak Europako Batasunean sartzen ez uzteko. Frantziak, berriz, ez du begi onez hartu erabakia, eta esan du Schengen eremuko mugimendu askatasuna errespetatu beharrekoa dela.
Mugetan kontrolak ezartzeaz gain, atzo Alemaniak bertan behera utzi zuen ordu batzuetan Austria eta Alemania arteko tren zirkulazioa, gaur goizera arte. Hungariak iragarri du bihartik errefuxiatuak atxilotzen hasiko dela, eta horrek azken egunetan Alemaniara iritsi nahi duten errefuxiatu kopurua handitu du.
Asteburuan milaka eta milaka lagunek zeharkatu dute Austria eta Alemania arteko muga; atzo Munichera 12.000 baino gehiago iritsi dira hango agintarien arabera. Ostiralean Berlinek eta Vienak erabaki zuten errefuxiatuei bidea libre uztea, baina Alemaniak orain dio egoera larria dela, eta muga ixtea beharrezkoa dela errefuxiatua oldea geratzeko eta "prozedura ordenatu bat" izateko inguruko herrialdeetan.
Desadostasunak, Alemanian
Alemaniak atzo hartu zuen erabakiarekin Austriarekin eta Txekiar Errepublikarekin duen mugetan agiriak erakutsi beharko dira sartzeko. Alemaniak orain gogorarazi du Dublingo akordioaren arabera, Europako Batasunean zapaltzen duen lehen herrialdean eskatu behar dutela babesa errefuxiatuek. Hori, ordea, Alemania barruan ere gertatzen da. Austriarekin duen mugan dagoelako Bavaria estatu federalera iristen dira errefuxiatu gehienak, Munichera batik bat, eta horko agintariek beste estatuetako agintariei elkartasun falta aurpegiratu diete. Hain zuzen, Bavariako agintariak izan dira errefuxiatuei bidea libre uztea gehien kritikatu dutenei.
Hungarian hasi da armada Serbiako muga kontrolatzen. Bihar sartuko dira indarrean errefuxiatuak atxilotu eta espetxeratzea ahalbidetuko dituzten legeak. Roszkeko mugan dauden mediku boluntarioek salatu dute Hungaria ez dela errefuxiatuak batere laguntzen ari, ezta abortu kasuetan ere, ez dutela urik ere, eta udazkenetik aurrera egoerak okerrera egingo duela.
Gaur Bruselan Europako Batasuneko Barne eta Justizia ministroak bilduko dira pasa den astean Europako Batzordeak proposatu zuen 120.000 errefuxiatuen kuotak babesteko edo atzera bota erabakitzeko. Lehenik uztailean 40.000 errefuxiatu hartzea hartutako erabakia berretsi beharko dute eta gero helduko diote Junckerrek pasa den asteazkenean proposatutako beste banaketari. Berez, urriaren 8an hartuko dituzte erabakiak, baina posible da gaur herrialde batzuek dagokien kuota onartuko dutela iragartzea.