Beldurrak airean bizi dira Alepon ESL Siriako Armada Libreak kontrolatutako eremuko biztanleak. Noiznahi, nonahi eror daiteke mortero bat: Baxar Al-Assaden armadaren posizioetatik, fronte lerroen inguruko tankeetatik, edo airetik. Bizitzea edo hiltzea, zoriaren esku dago. Eta jendea Gorenari mintzo zaio. Jainkoaren graziak, Alhamdulillah-ak, dena justifikatzen du.
Eraikinen goialdean erortzen dira morteroak, haien parabolak ezin baitu kaleen estutasuna urratu, baina balak bezain hilgarriak dira metraila zatiak. Arrisku handiena ospitaleen, eskolen eta ESLren baseen inguruan izaten da, baina leku segururik ez dago Alepon. Milaka herritarrek alde egin dute, iparraldera edo Turkiara, izua noiz amaituko.
Manifestazio bat
Baxar, siriar jatorriko ekintzaile frantsesa, ostiraleroko otoitzaren ostean egin ohi duten manifestazioan doa Bustan al-Qars auzoan. «Lau egunetan ez da morterorik erori; auzo lasaia da hau. Baina hobe kale nagusiaren bukaerara ez hurbiltzea. Badakizu, frankotiratzaileak...».
Manifestazioak metro batzuk egin orduko, kale estu batean bildu dira. Hala egin ohi dute beti, eraikin altuen babesean, morteroetatik babesteko. Izan ere, Al-Assaden indarrek eraso egin ohi diete manifestazioei. Elkarretaratzea amaitzear zela entzun da lehen morteroaren eztanda, ondoko kalean, 40 bat metrora. Ordubetean ez da etenik izan. Eztanda baten metrailak zortzi lagun hil ditu, bi kale urrunago. Hildako bat oposizioko borrokalaria zen; gainontzekoak, zibilak.
«Badakigu Al-Assaden aurkako manifestazioa antzua dela, baina egin beharra daukagu, kontra gaudelako», zioen Emad Qabanik mortero erauntsia hasi aurretik. «Presidente bat nahi dugu, ez errege bat. Lau, bost edo zazpi urtetik behin hura aldatzeko aukera izan nahi dugu». Matxinoak eta «iraultza» babesten ditu Qabanik, Siriako armadako indarrek anaia bahitu ziotelako, eta 22 egunean torturatu. Baina ez da sartu Siriako Armada Librean, bere ekonomia ikasketak dituelako buruan; unibertsitatea Al-Assaden indarrek kontrolpean duten hiri eremuan egon arren.
Okindegia
Larunbat goizean, egunero egin ohi duten gisan, ilara luzea dago kalean, leihatila txiki batzuen aurrean, jendea ogi anoaren zain. Bat-batean, danba!, mortero bat erori da atzealdeko kalean, okindegitik 15 bat metrora. Batzuk ihesean joan dira babestera, beldurrak airean, baina gehienek ilaran jarraitu dute, ogiaren zain, eta beste mortero bat noiz eroriko; minutu gutxiren aldearekin etortzen ohi baita beti beste eztanda bat. Pare bat furgoneta igaro dira hurbileko ospitalera bidean, eta, hain justu, bigarren mortero bat handik gutxira. Hurbil, baina urrun. Zortea izan da.
Ordubete geroago, gertakari berbera Xaar auzoan. Baina leherketa handiagoa da, helikoptero batetik iritsi da eta. Jaurtigaiak jo duen eraikina harri pilo bihurtuta, hautsak dena estaltzen du. Jendeen oihuek hartzen dute ingurune guztia. Okindegia saihestu du bonbak, eta ondoko kalean jo du, 15 bat metrora: bi lagun hil ditu. Eraitsitako eraikin ondoko etxebizitza batean izandako gas leherketa batek kalean bildutako herritarrak asaldatu ditu, baina ez da ezer gertatu. Oihu bera jende guztiaren ahotan, etenik gabe: «Ala handia da».
Ospitalea
Gazte bat minak bihurrituta datza furgoneta baten atzealdean. Hankarik ez du, baina bizi da. Zerbaitek erdibitu egin du. Haur bat negar zotinka ari da, mediku batek begi gainean irekitako zauria josten dion bitartean. Gizon talde batek beste bat gizonezko bat sartu du ospitaleko atondoan, ebakuntza gela bilakatutako hall-ean, baina berehalakoan kalera atera eta espaloian utzi dute, izara batekin estalita. Adineko gizonezko bat medikuak noiz artatuko zain dago, bizkarrean bala zuloa odoletan duela. Oinazezko irudiak bata bestearen ondoan.
Apala baina etenik gabekoa da herritar zibilen joan-etorria Dar el-Xifaan, Xaar auzunean, eta oso noizbehinka agertzen da Siriako Armada Librearen batailoiren bat, kide zauritu baten garraio. Lanerako dauden mediku apurrek eguneko 24 orduetan jardun behar dute baliabide eskasekin borrokan, biziak salbatzeko ahaleginean. Eta, gainera, badakite jomuga militarra direna. Ospitalea hartzen duen eraikineko goiko etxebizitzak erdi eraitsita daude, erori diren morteroen ondorioz. Pareko eraikina ez dago egoera hobean, eta haren izkinan, kale erdian bi krater. Zentzugabekeria honen erdian, lanean jarraitzen dute medikuek. Biziak salbatzeko ahaleginean.
Alepon herio zerutik dator
Siriako armadaren eta oposizio armatuaren arteko borroka gogorra jasaten ari da Alepo hiria. Hildako gehienak zibilak dira, ez Al-Assaden soldaduak, ez Siriako Armada Librekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu