Borroka judizialak amaitu ostean, Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohiak politikara itzultzeko pausoa eman du, indar independentista berri baten bitartez: Alba Alderdia. Salmonden helburua da datorren maiatzaren 6ko Eskoziako Parlamenturako hauteskundeetatik «supergehiengo independentista bat» ateratzea, Boris Johnson Erresuma Batuko gobernuburuaren ezezkoaren harira egoera desblokeatu eta negoziazioak abiarazteko. Baliteke agintari izandakoaren erabakiak ondorioak izatea gainerako alderdi independentisten emaitzetan, eta, batez ere, kanpainako eztabaidetan.
Alba aurkezteko egindako prentsaurreko birtualean, Salmondek argudiatu du datozen bozetako «baldintzak bakanak» direla, eta hori izan dela indar berria sortzearen arrazoietako bat: «Alderdiaren helburu estrategikoak argiak dira, anbiguotasunik gabeak: sozialki justua, ingurumenarekin arduratsua eta arrakastatsua den herrialde independente bat lortzea».
Eskoziako lehen ministro ohiak 2017an utzi zuen politika, urte hartako Erresuma Batuko Komunen Ganberarako hauteskundeetan eserlekua galdu ostean; harrez geroztik, haren kontra egindako sexu-eraso salaketen auzian aritu da buru-belarri: iragan astera arte iraun du. Hori pasatuta, orain iradoki du politikan jarri nahi duela arreta.
Salmonden mugimenduak eragina izango du hauteskundeen kanpainako eztabaidan. Kanpaina hori gobernuaren kudeaketaren eta independentziaren beharraren ingurukoa izatea nahi dute SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak eta Nicola Sturgeon egungo gobernuburuak, baina lehen ministro ohia tartean egoteak erdigunean jarriko du berriz azken urteotako gatazka: Sturgeonen eta Salmonden arteko desadostasunak bigarren erreferendumera bidean.
Bozei begira, estrategia zehatza izango du Alba Alderdiak. Eskoziako sisteman, herritarrek bi boto ematen dituzte: bata, barrutietan aurkezten diren hautagaiei —73 eserleku dira—, eta, bestea, eskualdeetako zerrendei —alderdienak dira, eta zortzi eskualdeek zazpina eserleku dituzte—. Salmonden indarra soilik azken horietan aurkeztuko da, historikoki independentistek eskualdeetakoetatik lortzen baitituzte ordezkari gutxien; hala, lehen ministro ohiak dei egin du barrutiko botoa ematean SNPren alde egitera, eta zerrendenetan, berearen alde.
«Eskualdeetako zerrendetan ia milioi bat boto etekinik atera gabe geratu ziren, eta, horrela soilik lau diputatu lortu zituen SNPk. Albak eskualdeetako zerrendena irabazten badu, hori amaitu egingo da. Independentziaren aldeko diputatu kopurua 90era irits liteke, edo gehiagora», argudiatu du Salmondek.
Aliantzei begira
2016ko hauteskundeetan, SNPk 59 eserleku lortu zituen barrutietatik, eta beste lau eskualdeetako zerrendetatik; ekologistek, berriz, zero eta sei lortu zituzten, hurrenez urren. Aurtengo bozei begira, inkestek diote Sturgeonen alderdiak gehiengo osoa lortuko duela, gutxigatik bada ere, eta Eskoziako Alderdi Berdeak ere ordezkaritza handituko duela; azken horien buruzagietako batek, Patrick Harviek, adierazia du prest daudela koalizio gobernu batean sartzeko, SNPk gehiengo osoa lortzen badu ere, Londresen aurrean jarrera indartsua erakuste aldera.
Salmondek, berriz, esan du bera buruzagi den alderdiak ez duela horretarako asmorik izango, helburu bakarra «supergehiengo bat eratzea» delako. Ikusteko dago lehen ministro ohiaren erabakiak eraginik izango duen Sturgeonenaren oinarrian; kidegoan, behintzat, izan du, Chris McEleny Albara joan baita –lehen ministroaren independentziarako bidearekin kritiko agertu da–, SNPren hautagai izandako Eva Comrie abokatuarekin batera. Zerrendak aurkezteko epea datorren asteazkenean amaituko da, eta ez litzateke harritzekoa egunotan gehiagok bide bera egitea.
Herritarrei begira, Salmond karguan bere ondorengoa dena baino okerrago atera da hilabeteotako borroka judizial eta politikoetatik. Nahiz eta iaz Eskoziako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen gobernuaren sexu-eraso salaketan ikerketa legez kanpokoa izan zela, James Hamilton ikertzaile independenteak asteon ondorioztatu du Sturgeonek ez zuela Ministroen Kodea urratu auzi horretan, lehen ministro ohiak argudiatu zuen bezala.