Politika

Alfredo Perez Rubalcaba da PSOEko idazkari nagusi berria

Rubalcabak 487 boto eskuratu ditu; Carme Chaconek, berriz, 465. Bi boto zuri eta boto baliogabe bat izan dira.

2012ko otsailaren 4a
19:07
Entzun

Alfredo Perez Rubalcaba da PSOE alderdiko idazkari nagusi berria. Sevillan (Espainia) egin dute alderdiko kongresua, eta Rubalcaba eta Carme Chacon hautagaiek hitzaldia eman ondoren, 956 delegatuek botoa eman dute. Rubalcabak 487 boto eskuratu ditu; Chaconek, berriz, 465. Bi boto zuri eta boto baliogabe bat izan dira. Botoen zenbaketak luze jo du.

Idazkari nagusi izendatu ondoren, "sozialista guztien ordezkari" izango dela nabarmendu du Rubalcabak, eta azken egunetako barne gatazkaren ondoren, "batasunaren momentua" heldu dela.

Demokrazia garaian PSOEko presidente izan diren Felipe Gonzalez, Joaquin Almunia  eta Jose Luis Rodríguez Zapatero ere aipatu ditu. "Garrantzitsuena ez da iristea, irteten jakitea baizik".

Bozketaren emaitza jakin aurretik Rubalcabak eman duen hitzaldian adierazi du ez dela ahulduko, eta PPri ohartarazi dio "trantsizioko akordio guztiak" berrikusiko dituela. Mariano Raxoi presidente denetik Espainiak "30 urte egin du atzera", haren arabera. Kongresuaren ondoren PSOEk "elkarrekin, indartsu eta proiektu baten bueltan" irten behar duela gaineratu du. 

Chaconek, berriz, PSOE "irekiago" baten aldeko hitzaldia eman du. "Inolako loturarik" gabe heldu da kongresura, eta PSOErentzat momentu "erabakigarria" dela azaldu du. "Gaur erabakiko dugu historia gure aurrean pasatzen uzten dugun edo historia egiten dugun", esan du Chaconek. Astelehenean "garaipenerantz joateko trantsizioa" hasteko deia egin die alderdikideei.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.