Aljeriako armadak bonbardatu egin du Al-Qaedari lotutako talde batek atzo erasotako gas zentrala, eta, bahitzaileen arabera, Mauritaniako ANI berri agentziak hedatu duenez, guztira, 34 bahitu eta hamabost bahitzaile hil omen dira. Gas zentralari eraso zion taldearen bozeramaileak esan omen du leku seguru batera eraman nahi zituztenean hil dituztela. Aljeriak amaitutzat eman du operazioa, baina ez du jakinarazi nola amaitu den.
Beste zenbait bahituk ihes egin omen dute, hiru belgiarrek, estatubatuar batek, japoniar batek eta Erresuma Batuko beste batek, hain zuzen ere. Bahituen artean euskal herritar bat ere bazen, baina oraingoz haren egoeraren berri ez du eman inork.
Angelukoa (Lapurdi) da euskal herritarra; 52 urte ditu, gizonezkoa da eta CIS Catering enpresako logistika arduraduna da. 2012 hasieraz geroztik jatetxe baten jabea da Angelun bertan. Sud Ouest kazetak argitaratu duenez, tratu egokia jasotzen ari dira bahituak, eta bahitzeko unean ez ziren zauritu. Bahitzaileek, bahituak askatzearen truke, Frantziak Maliko esku hartze militarra amaitzeko exijitu dute.
Atzo beste bi hildako
BP British Petroleum, Statoil eta Sonatrach konpainiek Aljerian kudeatzen duten gas zentralaren aurkako erasoan bi segurtasun zaindari ere hil zituzten atzo; sei lagun zauritu eta eta 41 atzerritar bahitu zituzten. Al-Qaedari lotutako talde batek erasoa bere gain hartu zuen, eta bahituak 41 zirela argitu zuen. Gaur telefonoz Al Jazeera telebista kateari egindako adierazpenetan aske utz ditzaten negoziatzen hasteko eskatu dute bahituek.
In Amenaseko gas zentrala BP Erresuma Batuko konpainiak Norvegiako Statoil eta Aljeriako Sonatrachekin batera kudeatzen du, eta erasoan hildako bi langileak zentraleko segurtasun zaindariak ziren: bata, frantziarra, eta bestea, britainiarra. Bahituen artean, Euskal Herriko, AEBetako, Austriako, Erresuma Batuko, Kanadako, Norvegiako eta Japoniako jendea dago. Irlandako Gobernuak baieztatu du bahituetako bat irlandarra dela. Filipinetako eta Malaysiako herritarrak ere daude bahituen artean, bahitzaileen arabera.