Bi hilabete baino gehiago igaro dira Libian Muammar Gaddafi hil eta haren aurkako matxinoek erabateko boterea hartu zutenetik. Behin-behineko gobernu bat ezarri arren, egoera ezegonkorra da oraindik, gehienbat Gaddafiren aurka sortu ziren milizia ugarien batasun ezagatik. Ezegonkortasun hori hedatzearen beldur, Aljeriak Libiarekiko muga itxita mantentzea erabaki du, epe mugarik gabe.
Aljeriak irailean itxi zuen muga. Etxuruk egunkariaren arabera, Libiatik legez kanpo armak sartu eta Al Qaeda Magreb Islamikoaren esku buka dezaketen beldur da Aljeria. Otsailean gerra zibila lehertu zenetik, 24.000 lagunek ihes egin dute Libiatik Aljeriara, baina 20.000 itzuli dira dagoeneko, Etxuruk-en arabera.
Aljeriaz gain, mendebaldeko bertze bizilaguna ere, Tunisia, kezkatuta dago Libiako egoerarekin. Moncef Marzuki presidentea Libian izan da bisitan. Bertan berretsi du soilik «bidezko epaiketa baten bermeak» izatean estraditatuko dutela Mahmudi El Baghdadi Gaddafiren lehen ministro izandakoa. Abdel Rahim al-Kib Libiako lehen ministroak erran du Tunisian erbesteratuta edo preso dauden Gaddafiren hurbilekoak mehatxua direla «segurtasun nazionalarentzat».
Milizianoak tiroka Tripolin
Libiako egoeraren adierazle izan zen atzo Tripolin gertatutakoa. Hiriburuko kontseilu militarreko kideak Gaddafiren inteligentzia zerbitzuena zen egoitza hartzen saiatu ziren, baina bertan Misratako milizianoak zeuden, eta elkarri tiroka hasi ziren. Efe agentziaren arabera sei lagun hil ziren tiroketan, baina gobernuak ez zuen datu hori berretsi.
Aljeriak epe mugarik gabe itxita mantenduko du Libiarekiko muga
Tunisiak Gaddafiren lehen ministroa estraditatuko du «bidezko epaiketa baten bermea» duenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu