Aljeriako Konstituzio Batzordeak 165 helegite jaso ditu joan den maiatzaren 10eko hauteskundeen emaitzen aurka. Kexuak alderdietatik eta hautagai independenteengandik heldu zaizkio, baita emaitza onak izandakoengandik ere. Etzira arteko epea izango du batzordeak salaketak aztertu eta erabakia hartzeko.
Abdelaziz Buteflika presidentearen alderdiak irabazi zituen legebiltzarrerako hauteskundeak, FLN Askapenerako Fronte Nazionalak, eta 462 eserlekuetatik 221 eskuratu zituen. RND Batzorde Nazional Demokratikoak 70 bereganatu zituen, eta Aljeria Berdea aliantza islamistak, 47.
Hainbat talde islamistek, tartean Bakerako Gizartearen Mugimendua, kanpaina osoan ziurtzat jo zuten bozak irabaziko zituztela, Buteflikaren FLN eta Ahmed Uyahia lehen ministroaren RND alderdien gainetik, baina hirugarren geratu ziren. Iruzurra egon dela salatu dute orain, besteak beste hauteskundeen batzordeak errolda zerrendak ukatu zizkietelako behatzaileei.
Parte hartzea, berriz, 2007an baino zazpi puntu handiagoa izan da; emaitza ofizialen arabera, %42,9koa. Hori horrela, gobernuak uste du herrialde arabiarretan zabaldutako protestak Aljerian ez gertatzeko iaz hasitako erreforma prozesua legitimatu duela.
Aljeriako alderdiek 165 helegite jarri dituzte bozen emaitzen aurka
Alderdiek eta hautagai independenteek salatu dute FLN Buteflikaren alderdiak iruzur egin duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu