Aljerian 43 lagun hil eta 45 zauritu dituzte, polizia eskola bati erasota

Atentatuan hil edo zauritutako ia guztiak, jendarme izateko asmoz, Isserseko errekrutatze zentrora joandako gazteak dira

2008ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Aljeriako Issers hiriko jendarmeria eskolaren aurkako eraso suizida baten ondorioz, gutxienez 43 lagun hil eta 45 zauritu ziren atzo. Ekintzaileak bonba-auto bat zartarazi zuen Igza -amazig hizkuntzan- edo Issers -frantsesez- hirian kokatutako jendarmeen errekrutamendu zentro baten kontra. Hortaz, hildako ia guztiak, jendarmerian sartzeko asmoz, probak egiterat joandako gazteak dira.

Aljeriako Barne Ministerioak atzo arratsaldean zabaldutako balantzearen arabera, hildakoetatik 42 zibilak dira eta bat, aldiz, jendarmea. Zauritutako 45 lagunetatik, berriz, 38 dira zibilak eta hamahiru jendarmeak. Datu horiek behin-behinekoak dira, hala ere, zauriak jasan dituztenetako batzuk oso larri baitaude.

Leherketa, 07:00 inguruan gertatu zen, ekintzaile suizida batek bonba-auto bat zartarazi zuenean errekrutamendu zentroaren atarian. Eztandak erabat apurtu zuen Aljer hiriburutik 55 kilometro ekialdera kokatua den hiriko jendarmeria eskolaren aitzinaldeko pareta. Zartatzeak hainbat metroko zuloa utzi zuen.

Bete-betean harrapatu zituen, halaber, jendarme izateko probak hasteko zain zeuden 18 eta 20 urte arteko dozenaka gazte eta beraiekin zeuden jendarmeak. Hortaz, ikaragarrizko hondamena ikusi zuten atentatuaren lekura joandako lekukoek: gorpuz zatiak alde orotan sakabanatuta, lurra odol orbanez blai, eta zaurituak minez oihu garrasika.

Jendarmeria eskolako eraikinaz gainerat, leherketaren ufakoak inguruan ere biktima eta kalte ugari eragin zituen. Ezen, bonba-autoak eztanda egin zuen unean, autobus bat igarotzen zen egoitzaren aurretik, eta bertan zihoazen bidaiari andana zauritu zen.Zartatzeak inguruko etxebizitza, egoitza, tailer eta denda ugariren beirak apurtu zituen, eta baita hainbat zuhaitz egotzi ere.

Erasoa egin eta jarraian, segurtasun indarrek Bumerdes eskualdeko bide guztiak -han dago dago Igza hiria- kontrolpean jarri zituen. Leherketaren lekura joan zen, aldiz, Aljeriako Barne ministro Jazid Zerhuni, eta hark gogor gaitzetsi zuen erasoa, esanez: «Aljeriako herritarren kontra burutu den egitate basati eta ankerra da». Nazioartean eginiko gaitzespenen artean, Frantziak, François Fillon lehen ministroaren ahotik, «terrorismoari buru egiteko xedean», sostengu irmoa berretsi zion Aljeriako Gobernuari. Europako Atzerri harremanetarako komisario Benita Ferrero-Waldnerrek, berriz, basatitzat jo zuen erasoa.

Atentatu oldea, astebetean

Atzoko atentatua da azken zortzi hilabeteetan egindako odoltsuena. Izan ere, iazko abenduan, Aljer hiriburuan, Nazio Batuen Erakundeko ordezkaritza bat, eta auzitegi bat jomuga izan zituzten leherketetan,41 lagun hil ziren .

Atzokoa barne, azken hamar egunetan, baina, indarkeria areagotu egin da Aljerian. Joan den igandean, zortzi polizia, hiru soldadu, ustezko lau ekintzaile islamista eta zibil bat hil ziren Skikda eskualdean egindako segada batean. Hilaren 14an, aldiz, Jijel eskualdeko armadaburua hil zuten; eta abuztuaren 10ean, sei zibilek bizia galdu zuten Zemmuri hirian egindako erasoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.