Pako Etxeberria. Auzitegi medikua

«Allenderena kasu berezia izan da, baina ez zailena»

Jon Fernandez.
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Pako Etxeberria (Beasain, 1957) auzitegi medikuak zazpi urte daramatza Txilera joan-etorriak egiten. Diktadura garaiko atxilotu, desagertu eta torturatuen identifikazio lanetan aritzen da han. Iragan maiatzean, Salvador Allenderen gorpuzkiak hobitik atera, eta ikerketa egin zuten hainbat adituk, heriotza argitzeko. Txileko zazpi adituk eta nazioarteko beste bostek hartu zuten parte azterketan, tartean Etxeberriak. Ikerketaren ostean, Allendek bere buruaz beste egin zuela baieztatu zuten iragan uztailean.

Ehunka kasu ikertu dituzu Txilen; zeintzuk izan dira berezienak?

Salvador Allenderena eta Victor Jara kantariarena izan dira beharbada kasu berezienak, baina ez zailenak.

Allenderen heriotza argitzeak garrantzi berezia izan du bai Txilen eta bai nazioartean.

Hala da. Zientifikoki baieztatu dugu Allendek bere burua hil zuela. Aipatzekoa da, gainera, Mario Carroza epaileak erraztasun guztiak eman dizkigula ikerketarako, eta gorpua alor ezberdinetako adituen ikuspegitik aztertzeko bidea eman du.

Zer betekizun izan du Allenderen familiak prozesu horretan?

Adituen taldean parte hartzeko epaileak izendatu ninduen ni,baina familiaren eskariz. Familiak erabateko konfiantza izan zuen gugan hasieratik. Joan aurretik Isabel Allenderekin hitz egin genuen, eta hiru gauza baino ez zizkigun eskatu. Lehenik, gorpua hobitik ateratzean familia bertan egotea; bigarrenik, hilkutxa Txileko banderarekin ateratzea; eta hirugarrenik, familiak hilkutxari segizioa egitea ikerketa zentrora arte.

Nola hartu zuen adituen txostena Allenderen familiak?

Konfiantza osoa zuen gugan, eta pozez hartu zuen berria, uste zuena baieztatu geniolako. Azken bi urteotan Allenderen heriotzaren inguruan egin dituzten espekulazioek egin diote minik handiena familiari. Sekulako astakeriak entzun behar izan dituzte.

Valech batzordearen txostena jaso berri du Sebastian Piñera Txileko presidenteak. Zer garrantzia du txostenak?

Auzitegi medikuen arloan baino, psikologoen, gizarte langileen eta juristen arloan dago Valech batzordearen txostenaren garrantzia. Zantzu fisikoez harago ikertu dute. Izan ere, hemen, Euskal Herrian, esaten da ebidentzia fisikorik ez badago torturarik ez dela egon. Hori esaten dutenek tortura estaltzen dute, hemen denok baitakigu tortura errealitatearen parte dela. Tortura kasuak puztu egiten direla dio jendeak. Lotsagarria da hori. Tortura oso larria da, kasu bakarra bada ere.

Txile eredu gisa hartzeko modukoa da?

Han egin dena, gutxienez, ezagutzeko modukoa eta aztertzeko modukoa dela uste dut. Batez ere, Txileko memoria historikoa errail politikoaren eta judizialaren gainean doalako. Han ikertzen dugun kasu orok bere bide judiziala dauka, eta justiziak krimenen erantzuleak bilatzen ditu. Bi errail horiek izan ezean ezinezkoa da giza eskubideen trenak aurrera egitea. Hemen, ordea, ez dute errail judiziala martxan jarri nahi izan; eta errail politikoa zalantza eta beldurrekin ari dira jartzen.

Txileko gizartea, hortaz, kontzientziatuago dago.

Han dena ari dira berrikusten, eta horrek ez du inolako eskandalurik sortzen. Azken finean, gizartea eta biktimen elkarteak ari dira hau guztia bultzatzen. Gainera, epaileek ez dute presiorik jasotzen inongo alderdi politikoren aldetik. Esaterako, Memoriaren eta Giza Eskubideen Museoa zabaldu dute Santiagon duela gutxi. Ikaragarria da han dagoena, eta biktimen gaineko informazioa biltzeko gunea ere bihurtu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.