«Ez dugu barkatuko, ez eta ahaztuko ere». Carondelet jauregitik esan zituen hitzok Rafael Correak, aske gelditu eta ordu eskasera. Ia egun osoz eduki zuten bahituta Ekuadorko presidentea, Quitoko ospitale batean; manifestariak konbentzitzeko ahaleginean ari zela, lurrera erori eta belauna atera zuelako eraman zuten hara. Matxinatutako segurtasun indarrek, baina, ez zioten irteten utzi hainbat orduz. Operazio berezietan aritzen diren polizien laguntzarekin libratu zuten azkenean; ahaleginean, baina, bi polizia hil ziren. Atzo, salbuespen egoera indarrean egonagatik ere, gauzak bere onera itzultzen hasiak ziren.
Herenegun, segurtasun indarretako ehunka kide altxatu ziren gobernuaren aurka. Bezperan,Zerbitzu Publikoen Lege berria onartu zuten Legebiltzarrean. Erreformaren eraginez, soldata- pizgarriak galduko dituztelakoan, eta lege erreforman atzera egiteko eskatuz, segurtasun indarrek Quitoko kaleak hartu zituzten, baita, besteak beste, Guayaquilgoak ere.
Correaren hitzetan, herenegungoa bere gobernuaren aurkako estatu-kolpe saioa izan zen. Presidentea bera bahitu ez ezik, Quitoko aireportu nagusia eta Parlamentua ere hartu baitzituzten. «Estatu kolpea ematen ahalegindu dira, baina ez dute lortu. Eta polizia nazionalari onura ekonomikoak kenduko dizkiogula badiote ere, ez dira zuzen ari; hori kaosa eragiteko aitzakia bat besterik ez da izan». Carondelet jauregiko balkoian agertu ondoren -askatu zutenean, jauregiaren aurrean bildutako dozenaka jarraitzaile agurtzeko agertuzen balkoian-, prentsaurrekoa eman zuen Correak. Halakorik berriro ez gertatzeko, Polizian garbiketa sakona egingo duela agindu zuen Ekuadorko presidenteak.
Correak altxamendutzat jo du gertatutakoa; eta oso larria izan da, ez, haatik, «soldata errebindikazio batek eragindakoa». Protestak oposizioak sustatu dituela uste dute ofizialistek, hala nolaMaria Fernanda Espinosa Ondare ministroak: «Korporazioko altxamendua izan da, Poliziako sektore baten insubordinazio bat besterik ez. Oposizioak, baina, haien egonezina baliatu du kaosa zabaltzeko». Horrez gain, herrialdeko egonkortasun demokratikoa kolokan jartzeko ahalegina ere egin dute manifestariek.
Correak, haatik, bere politikarekin jarraituko duela adierazi du. «Ez dugu gure aberria aldatzeko asmoan urrats bat atzera egingo». Eta zeregin horretan bere bizia eman behar badu ere horretarako prest dagoela jakinarazi du.
Dimisioa
Freddy Martinez Ekuadorko poliziaburuak uste du segurtasun indarren artean «infiltratuak» zirela. «Giroa ezegonkortzeko asmoz, polizien artean hura guztia nahasteko interesa zuen jendea zegoen. Aurpegia estalita zeramaten zenbaitzuek, legez kanpo aritzen direnen gisan. Horregatik uste dut haiek ez zirela poliziak». Gobernuaren aurkako altxamenduari eusten asmatu ez zuelako, Freddy Martinezek dimisioa eman zuen atzo; haren hitzetan, herenegun gertaera «penagarriak, kritikoak eta kaotikoak» bizi izan zituzten. «Bere agindura daudenek errespetatzen ez dutenean, batek ezin du haien komandante izaten jarraitu». Berak kargua uzten badu gauzak bere onera itzuliko direlakoan dago poliziaburua. Martinezek uste du, haatik, gobernuak atzera egin beharko lukeela segurtasun indarren soldata sistema aldatzeko asmoan. Zerbitzu Publikoaren Lege berria indarrean jartzen badute horrek polizien eskubideei kalte egingo dielakoan dago.
Lege erreformarekin justu kontrakoa gertatuko dela adierazi dute, ordea, ofizialistek. Horien ustez, soldata-pizgarriak kenduko badituzte ere, trukean beharrezko zerbitzuetara ailegatzeko adinako soldata bermatuko diete Poliziako kide guztiei.
Lucio Gutierrez erantzule
«Ni askatzen anaia ekuadortarrak hil dira. Egun tristea izan da niretzat, sekula iristea espero ez nuena», adierazi zuen Correak atzo, bera erreskatatzen bi polizia zendu zirela jakitean. Kostata lortu zuten Ekuadorko presidentea libratzea. Ehunka manifestarik inguratuta zeukatelako, operazio berezietako poliziek esku hartu behar izan zuten azkenean; Correaren aldeko dozenaka lagunek babestuta egin zuten, hala ere. Presidentea ospitaletik ezin irtenda zegoela jakitean, gobernukideek dei egin zieten haren jarraitzaileei, ospitale ingurura hurbiltzeko eta manifestarien giza hesia hausten laguntzeko. Ahaleginean, baina, bi polizia hiltzeaz gain, gutxienez 27 kide zauritu ere egin ziren -horiek dira Correak eman dituen datuak; haatik, zaurituak guztira ehun inguru izan daitezkeela jakinarazi dute beste zenbait iturrik-.
Gobernuaren ustez, «estatu-kolpe saioaren» atzean Ekuadorko presidente ohi Lucio Gutierrez dago. Salaketen berri jakitean, baina, hark esan du bera ez dagoela altxamenduaren atzean: «Ekuadorren gaur egun dugun kaosaren erantzule bakarra gobernua bera da». Abusuzkoa, ustela eta harroa da Correaren agintea, Lucioren arabera.
Segurtasun indarren altxamendutik «indartuta» atera dela uste du, ordea, Espinosa ministroak. Horretaz gain, «txundituta» agertu da nazioarteak emandako erantzunarekin. Ia aho batez gaitzetsi baitu nazioarteak polizia eta militarren protesta. Hasi Nazio Batuen Erakundetik, eta Unasur osatzen duten herrialdeetaraino, denek eman diote babesa Correaren exekutiboari.
Unasur izan da, akaso, azkarren erantzun duena. Gertatutakoaren berri jakin zuenean ezohiko bilera egin zuten kideek. Bertan, Hondurasko estatu kolpea errepikatzerik ez dutela onartuko adierazi dute. Manuel Zelayak agintetik egotzi zutenean ez bezala, oraingoan aho batez gaitzetsi dituzte gertakariek. Manuel Chavez Venezuelako presidentea, aldiz, urrutirago joan da: AEBei «beren esku inperialistak» geldi edukitzeko eskatu baitie.
Altxamendua amaituta, Polizian garbiketa egingo du Ekuadorrek
Gertatutakoa ez duela barkatuko ohartarazi du Rafael Correak; presidentea askatzen bi polizia hil dira eta dozenaka zauritu. Altxamendua eragozterik izan ez zuelako, poliziaburuak dimisioa eman du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu