Turkiak atzo Kurdistan iparraldean egindako bonbardaketan 35 zibil hil zituela eta, PKK Kurdistango Langileen Alderdiak gaur "altxamendurako" deia egin du. "Kurdistango herriari, eta bereziki Hakkari eta Sirnak eskualdeetako jendeari, sarraski honen aurrean errekazionatzeko dei egiten diegu", esan du Bahoz Erdal PKK-ko buruetakoak. "Sarraski hau ez da izan ezbeharra eta bilatu gabeko ekintza. Antolatutakoa izan da".
Asteazken gauean tabakoa eta erregaiak kontrabandoan pasatzen ari ziren 50 lagun inguru hainbat astoren laguntzarekin, Ortasu herrira bidean. Turkiako armadak, baina, F16 piloturik gabeko gerra hegazkinak bidali zituen hara haiei eraso egiteko, PKK Kurdistango Langileen Alderdiko kideak zirelakoan, berak hasieran esan zuenez.
"Egiaztatu dugu pertsona horiek ez zirela terroristak, kontrabandistak baizik. Eta ehuneko ehunean kontrabandistak direla jakinda ere, ez dago haiek bonbardatzeko arrazoirik. Gertakari tristea da", adierazi zuen Huseyin Çelik AKP Justizia eta Garapenerako Alderdiko presidenteordeak.