«Amaierako akordioa lortu arte» ez da su-etenik izango, Santosen arabera

FARCen aurkako ekintzak indartzeko eskatu die Kolonbiako gobernuburuak armadari eta Poliziari

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko irailaren 8a
00:00
Entzun
FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek Gobernuari «mahaian jarri bezain laster» aldebiko su-etena proposatuko ziotela adierazi orduko eman du erantzuna Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak, eta argi utzi du ez dela su-etenik egongo «amaierako akordioa lortu arte». Mauricio Jaramillo Medikuak herenegun adierazi zuen armak uzteko eta desmobilizatzeko «erabateko konpromisoarekin» zihoazela elkarrizketetara, eta Santosek, su-etenaren aukera baztertu badu ere, adierazi du «esku zabalik» dagoela, eta «Kolonbian horrenbeste min, indarkeria eta hilketa eragin duen gatazka» amaitzea desio duela. Gaineratu du bake elkarrizketak «sekretupean eta zuhurtziaz» egingo direla, eta elkarrizketetako mahaiak «serioa, duina, errealista eta eraginkorra» izan behar duela.

Kolonbiako presidenteak ez dio eskatu FARCi bere jardun armatua eteteko, eta armadari eta Poliziari, berriz, erakunde armatuaren aurkako legezko operazioekin jarraitzeko agindu die. «Beren ekintzak indartzeko eskatu diet; ez dugu amore emango amaierako akordioa sinatu arte», adierazi du presidenteak, eta Indar Armatuetako buru Alejandro Navas jeneralak azaldu du «obedientzia, babesa eta leialtasuna» erakutsiko diola armadak presidentearen aginduari. Hain justu, gobernuak eta gerrillak negoziazioetarako bide orria hitzartu zuten egun berean hil zuen armadak Jose Epimenio Molina Danilo, FARCeko 33. fronteko arduraduna.

«Une hoberenean»

Nazioarteak begi onez ikusi du Kolonbiako Gobernuaren eta FARCen arteko prozesua, eta Txilek ere bat egin du iritzi horrekin. Norvegia eta Kuba Bogotaren eta FARCen arteko lehen harremanetan herrialde bermatzaile izan diren bitartean, Txilek laguntzaile rola jokatu du, Venezuelarekin batera. Sebastian Piñera Txileko presidenteak azaldu du bere herrialdeak «ahaleginak» egingo dituela Kolonbiako bake elkarrizketak ongi amai daitezen. Horrez gain, adierazi du «azken 50 urteetako unerik onenean» heldu dela negoziazio prozesua eta «inoiz baino baldintza hobeak» daudela prozesua ongi amaitzeko. Piñerak Santos zoriondu du, erakutsitako «adoreagatik eta iraunkortasunagatik», eta adierazi du Kolonbian bakea ezartzeak «Latinoamerika osoko bakeari mesede» egingo diola.

Herenegungo prentsaurrekoan FARCek bahiturik ez duela jakinarazi zuen arren, Esperantza Berria Fundazioa gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Kolonbiako 694 herritar daudeFARCen kontrolpean. Hori horrela, bahitutako herritarren senideek bake elkarrizketetan ordezkaritza izatea eskatu dute. Falta Direnak elkarteko presidente Rafael Morak gaitzetsi egin du erakunde armatuak leporatzen zaizkion bahiketak ukatu izana, eta ohartarazi du gerrillak bide horretatik jarraituz gero bake prozesuak «porrot egingo» duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.