«Ez dago su-eten gehiago etsaiarekin». Horrela iragarri dute Hamasen Ezzedin al Kassam Brigadek su-etenaren amaiera.2009an aldarrikatu zuten menia bertan behera uztea erabaki dute, azken egunetan Gazan izandako bonbardaketen ostean. Gutxienez hamalau palestinar hil ditu Israelek ostegunetik.
Brigadek, atzo kaleratutako prentsa ohar batean, euren erabakia «herri palestinarraren aurka Israelek eginiko bidegabeko erasoekin» justifikatu dute. Horrekin batera, talde armatu palestinar guztiei Israelgo erasoei erantzuteko deia egin die; ez dute zehaztu eskaera Gazako milizianoei bakarrik egin dieten edo baita Zisjordaniakoei ere. Horrekin batera, «goraldiak helburu politikoak dituela» leporatzen dio Hamasek Israeli.
Dena den, erabakiaren inguruan desadostasunak nabariak dira talde armatuko kideen artean. Su-etena iragarri eta gutxira Hamaseko talde armatuaren bozeramaile batek argitaratutako informazioa gezurtatu dio Al Jazzera telebista kateari. Atzo goizean, ordea, Ismail Raduan buruak Israelgo hegoaldeko hiriei erasotzeko eskatu zien bere kideei, «etsaiaren erasoen erantzun gisa».
Arabiar Ligaren bilera
Ezzedin al Kassam Brigaden erabakiak erreakzio ugari sortu ditu politikari israeldarren zein palestinarren artean. Hamaseko lehen ministro Ismail Haniak eta Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak premiazko bilera eskatu diote NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari, Gazako tentsioa lasaitzeko asmoz. Arabiar Ligari ere eskatu dio bilera egiteko PANek, eta eskaera horri erantzuteko, gaur bilduko dira, Kairon, Mahmud Abdel Azizerakundearen bozeramaileak azaldu duenez. PANek Israelen erasoak geldiarazteko eskatu dio nazioarteari. Riad al Malki PANeko Atzerri ministroaren arabera, nazioarteak azkar mugitu behar du palestinarreibabesa emateko. «Munduak ezin du berriro ere isilik gelditu».
Israelgo Gobernuak ere egin ditu adierazpenak, baina kasu horretan ez dirudi haien asmoa tentsioa baretzea denik. Hartutako bideari jarraituko diotela jakinarazi du Benjamin Netanyahu lehen ministroak: «Ostegunekoa gure lehen erreakzioa besterik ez zen izan; gure aurka egiten duenari oso prezio altua ordainaraziko diogu aurrerantzean ere».
Israel hegoaldean izandako hainbat erasok piztu zuten sua ostegunean. Gutxienez zazpi israeldar eta zazpi ekintzaile hil zituzten Eliat hirian, eta Israelek Hamasi egotzi zizkion atentatuak. Geroztik, gau eta egun izan dira bonbardaketak Gazan. Israelgo armadak hasitako erasoei Hamaseko milizianoek eta PRC Herri Erresistentzia Batzordeko talde armatuak erantzun diete; kontraerasoak, ordea, ez du hildakorik eragin. Atzo goizean izandako eraso bat bere gain hartu zuten PRCko Al Nasser Brigadek; Abu Auad Al Nairab taldeko buruaren eta beste lau pertsonaren hilketei erantzun zieten horrela. Israelgo armadak, berriz, hiru palestinar hil zituen ostiral gauean auto baten aurka egindako erasoan; tartean, 5 urteko haur bat eta mediku bat. Bart gutxienez lau gune bonbardatu zituen Israelek.
Ostegunean izandako erasoen ondoren NBEren Segurtasun Kontseiluak izan duen jarrerak hautsak harrotu ditu. Atzo jakinarazi zutenez, orain arte ez du argitaratu erasoak gaitzesten dituen oharrik. Azaldu dute Libanok ez zuela dokumentua sinatu nahi, horretan «ez zirelako gaitzesten Israelgo armadak Gazaren aurka egindako erasoak». Israelek NBEn duen ordezkaritza haserre agertu da, bai NBEren jarrerarekin, baita Libanorenarekin ere: «NBE itsu eta mutu geratu da beste behin ere, Israelgo zibilen aurkako eraso terrorista baten aurrean. Libanoren erabakia ere ez da harritzekoa, talde terrorista batek kontrolatzen duen herrialdea dela kontuan hartuta». Libanoko ordezkariaren proposamena onartzea baino nahiago du Israelek erakundearen gaitzespena ez jasotzea. Segurtasun Kontseiluak erakunde gisa huts egin duela gaineratu du Ron Prosorek, Israelek NBEn duen enbaxadoreak.
Su-etena lortu arte
2009ko urtarrilean iragarri zuen su-etena Hamasek, Israelek eta Gazako Gobernuak akordioa lortu ondoren. Berun Urtua operazioaren ondotik izan zen hori; 1.400 palestinar eta hamahiru israeldar hil zituzten operazio hartan. Israelgo armadak airez, lurrez eta itsasoz bonbardatu zuen Gaza. Hamasen taldearen azpiegituren aurkako erasoa izan zela adierazi zuten; Israelgo Gobernuaren arabera, «azpiegitura terroristak eta Hamasen ahalmen militarra» suntsitzea zen helburua.
Nazioartearen esku hartzea tarteko, 2009ko urtarrilaren 17an alde bakarreko su-etena iragarri zuen Ehud Olmert Israelgo presidenteak. Hala ere, erasotzen jarraitu zuten, eta Hamasek eta beste hainbat erakunde palestinarrek iragarri zuten «berehalako su-etena». Astebete iraun zuen, eta Israelgo armada Gazatik irtetea zuen helburu. Urtarrilaren 21ean Gaza utzi zutela jakinarazi zuten Israelgo armadako bozeramaileek.
Ekialde Hurbila
Amaitu da su-etena
Hamasek amaitutzat eman du 2009tik indarrean zuen su-etena; Israelen azkenaldiko «bidegabeko erasoei» erantzun die horrelaPANen eskaera aintzat hartuta, egoeraren inguruko bilera egingo du gaur Arabiar Ligak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu