Zuuara eskualdean —Libia ipar-mendebaldean—, amazighak behin eta berriz eskatzen ari dira asteotan Muammar Gaddafiren lehen ministro ohiaren estradizioa. Muhamadi Bagdadik Tunisiara ihes egin zuen abuztuaren bukaeran, Tripoli erori ostean. Babes politikoa eskatu arren, azaroaren 8an Tunisko epaiak bere estradizioa onartu zuen. «Bagdadik Zuuara erraustea agindu zuen gerran; bada garaia bere krimenak ordain ditzan», dio Nabil al Hamisi gerra beteranoak. Zuuaran hamaika dira eskaera berari eusten diotenak.
Eskualdeko herritarren haserrearen atzean, Bagdadi bertakoa izatea dago. Nafusa mendikatekoa ez bezala, lautadaren erdiko eta itsasertzeko amazigh enklabea da Zuuara. Nekez uler daiteke nola iraun duen bizirik kultura zapaldu horrek hemen, orografia beti kontra izaki. Eta saioak izan badira bitxikeria etnografiko hori Libiako mapatik ezabatzeko. Mahmudi Bagdadi da, hain justu, haietako bat.
«Bagdadiarrak Tunisiatik etorritako klan handi bat dira; horregatik errepikatu du Mahmudik maiz tunisiarra zela bera ere», dio Al Hamisik. 180.000 lagun inguru bizi dira Zuuaran, amazighak gehienak. Saddam Husseinek Irakeko eskualde kurduetan egin legez, Gaddafik ere arabiartze kanpaina bortitzak bideratu zituen Zuuaran.
Horrela, arabiarrek populatutako herrixka txikiez inguraturik dago hiria egun. Iunis Ismail nekazariak ederki asko daki hori: «Nire lur sailetara joan ahal izateko, Ragdalin herriazeharkatu behar dut [Zuuaratik zortzi kilometrora]. Oraindik arriskutsua da, arabiarrak eta Gaddafiri leialak baitira denak han». Haren ustez, arazo bera dakarte inguruko «arabiar gerrikoko» Ajeelat, Ziltan eta Al Jamil herriek ere. Bagdadi, azken horretakoa zen.
Diotenez, Gaddafiren lehen ministro ohiak itsas gaineko bistak hitz eman zizkien bere Al Jamilgo bizilagunei. «Zuuara besterik ez» zegoen bien erdian. Azkenean, amazighen erresistentziak eta NATOren hegazkinek enklabe horren desagerpena saihestu zuten. Eta ezinbestekoa izan zen komandante tuareg baten desertzioa ere.
Kontatu gabeko istorio bat
Zuuaratarrak otsailaren 20an matxinatu ziren Gaddafiren kontra, eta hiru egunen buruan euren hiriaren gaineko kontrola lortu zuten. Askatasunak, baina, ez zuen luze iraun. Bere kokapen estrategikoagatik, batetik —Tunisiarekin mugan—, eta konposizio etnikoagatik, bestetik, martxoaren 14an Gaddafik eliteko bi dibisio bidali zituen Zuuarara: Khamis bere semeak agindutako 32. brigada, eta Txadeko gerran eskarmentu handia zuen beste bat.
Salim Igi izeneko koronel batek gidatzen zuen Txadekoena. Denak tuaregak ziren. Dirudienez, Igik Zuuarako kaleetako amazigh banderei eta hitzei erreparatu zienean, sua itsasora ez beste edonora egiteko agindu zien bere soldaduei —tuaregak ere amazighak dira—. Azkenean, Gaddafik Igi «traizioagatik» exekutatu zuen, baina tuareg ausart hura heroitzat jotzen dute gaur egun Libiako amazighek.
Herrialde arabiarretako matxinadak. Libia
Amazighek etxean nahi dute Bagdadi
Gaddafiren lehen ministro ohiaren estradizioa eskatu dute Zuuarako herritarrek. Otsailean hiri horrek jasan zuen erasoaren erantzule egiten dute. Haientzat esanahi berezia du, Bagdadi amazigha baita, haiek bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu