Oain dela hamar egun, ordea,65 etnia indigena inguruk protestak eta grebak hasi zituzten Peruko hainbat eskualdetan. Indigenek Gobernuak adostutako hainbat dekretuk Amazoniako lurren salmenta baimentzen dutela salatu dute. Alegia, dekretuek nazioarteko enpresak lurrak erostea errazten dutela. Are gehiago, legeek herritarrek «lurrekiko duten eskubideen aurka» egiten dutela diote Peruko indigenek. Horregatik, hainbat dekretu bertan behera uzteko eskatu dute.
Protestak eragin zituzten bi dekretu baliogabetzeko erabakia hartu du orain Kongresuak. Andetako, Amazoniako, Afroperuarreko, Ingurumeneko eta Ekologiako herrien batzordeek adostutako erabakia bada ere, oraindik Legebiltzarreko saion onartu beharko dute.
Luis Galarreta Unidad Nacional alderdiko kideak esan zuenez, Kongresuaren bidez hartutako erabakia izan da. Galarretaren aburuz, erabakiak elkarrizketaren bitartez hartu behar dira eta ez, Del Castillok egingo lukeen bezala, inposaketa bidez.
Egun berean, aldiz, Alan Garcia Peruko presidenteak larrialdi egoera ezarri zuen Peruko lau eskualdetan: Baguan, Utcubamban, Daten eta Echarate barrutian. Gobernuaren bidez onartutako dekretuak 30 eguneko iraupena izango duela iragarri zuen Garciak. Hala, biltzeko eskubidea bertan behera geratzen da eskualde horietan.
Gobernuaren arabera, ebazpena Peruko Amazoniako zenbait eremutako egoera «larriaren ondorioz» hartu dute . «Helburu nagusia herrialdeko petrolio eta gas instalazioak babestea baita». Dekretua iragarri baino ordu batzuk lehenago, Del Castillok Gobernua hitz egiteko prest dagoela esan zuen.
Talde indigenek, bere aldetik, errepide nagusi batzuk denbora batez berriro ere libre uzteko erabakia hartu zuten. Horien artean, Corral Quemado zubi estrategikoa. Zubiak Amazonia eta Peruko iparraldeko kosta lotzen ditu. Bestalde, Bagua hiriburuko errepideak 24 orduz oztoporik gabe uzteko asmoa ere iragarri zuten. Protesta egunetan preso hartutako bi polizia askatzean ere adostu ziren. Andeko agentzia bateko polizia baten arabera, indigenek barazkiak eta beste merkantzia batzuk garraiatzen zituzten hainbat ibilgailu pasatzen utzi zuten. Bihartik aurrera indigenek neurri gogorragoak hartuko dituztela gaineratu zuen poliziak.
Jorge Del Castillo ministroen kontseiluko presidenteak esan duenez, Gobernua Amazoniako biztanleekin hitz egiteko prest dago. Horretarako Antonio Brack Ingurumen ministroa izendatu dute. Indigenek, ordea, ez dute Brack negoziazioak egiteko gai ikusten. Izan ere, Del Castilloren parte hartzea exijitzen dute. Pasa den ostiralean hasitako elkarrizketek Brack izan zuten solaskide, baina, bertan behera utzi zituzten manifestariek. Gobernuak indigenen salaketak ukatzen ditu. Ministroen Kontseiluko presidentearen arabera, dekretuek Amazoniako bizilagunen lurrak «errespetatzen» dituzte.
Azken egunetan gobernuaren eta manifestarien arteko liskar ugari jazo dira. Dagoeneko, bederatzi zauritu eragin dituzte borrokek. Hamar egunetan zehar talde indigenek Peruko hainbat errepide nagusi oztopatu dituzte. Horrez gain, petrolio eta gas instalazio batzuk okupatu dituzte. Ondorioz, janariaren eta energiaren urritasuna nabaritzen hasi da herrialdean.
Del Castillok azken egunetako erasoak Peruren kontrako konplota dela adierazi du. Haren aburuz, herrialdearen ezker alderdi erradikala ere protestak egitera gehitu da. Amazonako Bagua hiriburuko eskola bat itxi egin dute bertako irakasleek protestak egiteko erabaki hartu dutelako. Amazonako ezegonkortasunaren aurrean, «eremu kritikoetara» soldaduak bidaltzeko asmoa agertu zuen Del Castillok.
Alberto Pizango indigenen buruzagiak manifestatzaileak «hil arte» borrokatuko direla iragarri zuen. Beren lurrak defendatuko dituztela esan zuen buruzagiak. Peruko bizilagunak ingurumenaren eta bioaniztasunaren defendatzaileak direla gehitu zuen indigenak.
Amazonia arriskuan
Aidesep Peruko Oihana Garatzeko Erakunde Interetnikoak dioenez, Alan Garciaren proiektuek basoak eta erriberak pribatizatzea bilatzen dute. Hala, nazioarteko enpresentzat eskuragarriak izan daitezen. Herri Indigenen inguruan Nazio Batuen Erakundeak egindako deklarazioak herriaren ondasunen gaineko eskubide kolektiboak onartzen ditu. Eta presidentearen proiektuek horien aurka egiten dutela salatu du Aidesepek. Hartara, proiektuak bertan behera uzteko exijitzen dute.
CAAP Antropologia eta Zabalkuntza Praktikorako Zentro Amazoniarraren zuzendariak, Ada Chuecasek, indigenek eskakizunak Konstituzioak babesten dituztela esaten du. Are gehiago, Gobernuak hartutako azken dekretuek OIT Nazioarteko Lan Antolakuntzak onartutako herri indigenaren giza eskubideen kontra doazela.
Alan Garciak bere Gobernuko kritikak ere jaso ditu. Jose Vargas Gobernuaren aldeko diputatuak Peruko biztanleek petrolioaren gaineko zergaren azken 30 urteetako etekinak jaso ez dituztela salatu du. Orain arte bi dekretu bertan behera uztea lortu dute.