Amazonian ez dago fantasiarik

Brasilgo Gobernuak munduko urtegi handienetan hirugarrena eraikiko du Amazonian; lan erraldoi horrek, baina, kalte ugari eragingo ditu, tartean 50.000 indigena desplazatzea.

2010eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Urtegi bakar bat, erraldoia berez, eta hamaika ondorio kaltegarri, erraldoiak horiek ere; Amazonian bizi diren indigenentzat bereziki. Brasilen, artean diktadura militar bat zegoenean, 70eko hamarkadan, abiatu zen ordulariaren kontrako lasterketa judiziala, eta orain heldu da helmugara. Luiz Inacio da Silva Lularen ametsa zen, eta agintaldia amaitu aurretik, azaroan, hura gauzatu ahal izateko oztopo guztiak gainditu nahi izan ditu presidenteak. Amazonian munduko urtegi hidroelektriko handienetan hirugarrena eraikitzeko bidea zabaldu berri da. Belo Monte du izena egitasmoak, eta munduan bi baino ez lirateke izango hura baino handiagoak diren urtegiak: Txinako Hiru Eztarriak, 18.300 megawattekoa, eta Itaipu. Brasil eta Paraguaiko mugen artean dago urtegi hori, eta 14.000 mw ekoizten ditu. Belo Monteko urtegiak, berriz, 11.233 mw ekoitziko luke, eta talde ekologistek, gobernuz kanpoko erakundeek eta talde indigenek proiektua geldiaraztea lortzen ez badute, 2015. urterako egongo litzateke martxan.

Urtegiaren aurrekontua eraikuntza bezain erraldoia izango da: 8.000 milioi eurokoa. Sao Paulo eta Rio de Janeiro hiriak lotuko dituen abiadura handiko trenaren egitasmoaren atzetik aurrekontu handiena duen proiektua baita urtegiarena. Xingu ibaiaren emarian egingo da, eta 50.000 indigena eta nekazari inguruk beraien bizilekua utzi beharko dute proiektu hori dela eta. Talde ekologisten arabera, gainera, oihanaren 500 kilometro koadro urpean geratuko dira, eta horrek indigenen bizimoduan eragin zuzena izango du, ezin izango baitute arrantza egin.Ur emarian ere eragina izango du urtegiak. Sao Pauloko Unibertsitatearen ikerketa baten arabera, ibaiaren ehun kilometrotan etenda geldituko litzateke emaria, eta bertan ezin izango da ontziz igaro.

Onuretan arreta

Brasilgo Gobernuak, alta, urtegiak ekarriko dituen onuretan jarri du arreta. Orotara 11.233 megawatt ekoitziko baititu eta, horrenbestez, 26 milioi lagunek argindarra izatea aurreikusi da. Urtegiak 18.000 lanpostu sortuko dituela ere eman dute aditzera.

Lulak Raposa Serra do Sul erreserbara egindako azken bisitan, energia hidroelektrikoa merkeagoa zela adierazi zuen, argudio hori proiektua defendatzeko aitzakia bihurtuz. Boterera heldu zenetik, oso presente izan du urtegia sortzearen ideia, eta, behin baino gehiagotan aipatu du beharrezkoa balitz estatuak berak eraikiko zuela urtegia. Enpresa pribatuek eta publikoek osatutako bi partzuergo ibili dira lehian hasieratik proiektua nork lortuko. Eta Ipar Energiak eskuratu du azkenean egitasmoa. Eletrobras enpresa publikoaren ordezkari batek eta zortzi enpresa pribatuk osatzen dute taldea -Iberdrola ere norgehiagoka horretan aritu zen-.

Belo Monte aurrera atera ahal izateko, presidenteak gizarte eragile askori egin behar izan die aurre azkenaldian. Indigenen ordezkariek, ekologistek, Greenpeace tartean, eta politikari askok, besteren artean, eskatu izan diote noiz edo noiz presidenteari urtegiaren proiektua bertan behera utz zezan. Azken hilabeteetan zabaldu egin dira protestak eta estatu ugaritan manifestazioak egin dituzte.

Buruzagi indigenek salatu dute proiektu horrek legearen aurka egiten duela. 1988ko Konstituzioak herri indigenen eskubideak bermatzen dituela eta urtegiak eskubide horiek urratzen dituelako. Horren haritik, Avatar filmaren kontakizuna errealitatea dela jakinarazi dute indigenek. Maria Nazareren arabera, komunitate indigenek euren jatorrizko lurrak eta baliabideak galtzen ari dira, eta horixe bera ageri da filma horretan. NBE Nazio Batuen Erakundeak egin berri duten indigenen foroan egin du salaketa Nazarek. Amazoniako errealitatean, baina, ez dago fantasiarik. «Hondamendia da, eta bidegabekeria; gure lurrengatik borrokatuko gara, eta ez dugu amore emango».

Urtegiaren aurkako protestek gero eta oihartzun handiagoa dute mundu zabalean. Avatar filmaren zuzendariak berak sostengua agertu die indigenei. James Cameron eta Sigourney Weaver aktorea berriki izan dira proiektu hidroelektrikoak hartuko duen ingurua ezagutzen, eta protestak egin dituzten hamabi eskualdeetako indigenekin elkartu ziren.

Protestak New Yorken

Egitasmoa bertatik bertara ezagutu ostean, eta indigenen egoera ikusita, iragan apirilaren 28an Weaver aktoreak beste protesta bat antolatu zuen New Yorken. Nazio Batuen Erakundeko Brasilgo enbaxadaren eraikinaren aurrean dozenaka lagun elkartu ziren, Manhattanen. NBEko Indigenen Gaietarako Foro Iraunkorreko ordezkariek ere bat egin zuten ekimenarekin, eta han entzun zituzten aktorearen hitzok: «Brasil bioerregaiak erabiltzen aurrenetarikoa izan da, eta herrialde asko tartean dauden borroka honen liderra izateko aukera du orain». Weaverren aburuz, baina, energia berriztagarrien aldeko apustua egin beharko luke Brasilek, «AEBetan eman diren pausoak jarraitu beharrean».

Avatar filma hiru dimentsiotako teknologia baliatzen duelako izan da zinemaren historian gehien ikusi den filma, baina indigenentzat kontakizunak berak egiten du filma interesgarri. Evo Morales Boliviako presidentea hirutan baino ez da joan bere bizitza osoan zinemara, eta horixe izan da ikusi duen azken filma. Identifikatuta sentitzen zela adierazi zuen zinematik irtetean, eta naturaren alde erresistentzia egiteko eskatu zuen. Brasilen horretan ari dira. Gobernuak ez ditu protestak onartzen, eta urtegiak hazkunde ekonomikoari mesede egingo dion ideiari gogor heltzen dio. Eraikuntzaren aurka daudenek, berriz, ohartarazi dute indarra badutela oraindik. Itxaropenari gogor eusten diote.



Peruko Amazonianoliobide bat egin nahi izatea salatu dute

Peruko AmazoniatikOzeano Barera petrolioa garraiatuko lukeen oliobidearen egitasmoaren berri eman du Survival Internationalek, eraikuntza horrek bakartuta bizi diren hainbat indigena talde arriskuan jarriko lituzkeela salatuz. Perenco multinazionalak aurkeztu duen proiektuak ez duela talde horien bizimodua aintzat hartzen jakinarazi du Stephen Corryk. Gobernuz kanpoko erakundeko zuzendariaren hitzetan, jada lanean ari dira: «Britainiarrek Australian egin zuten moduan, ez ikusiarena egiten ari dira talde horien aurrean lurrak bereganatzeko». Oliobideak 207 kilometro izango lituzke, eta 300 milioi upel petrolio garraiatuko luke iparraldetik Ozeano Bareraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.